Bigarren izan da aurtengo herri krosean David Martin lasarteoriatarra. Hiru ediziotan lortu du garaipena, baina aurtengoan ezin izan du.
33 minutu eta 36 segunduko denbora eta bigarren postuarekin pozik azaldu da David Martin atleta.
Garaipenak ihes egin dizu aurtengo lasterketan...
Ba bai. Oso ondo hasi naiz, baina banekien Unai Arroyo atzetik zetorrela eta berarentzat izan da lehen postua.
Beti ezin da irabazi, azkarragoa izan da Unai eta gainera, oso maila oneko korrikalaria dela badakit.
Azken kilometrotan harrapatu zaitu?
Bai, Zubietan bera aurretik joateko moduan zela ikusi dut eta ezin izan dut bere erritmoa mantendu. Nire mailan jarraitzen saiatu naiz eta azkenean segundu batzuk atzerago sartu naiz soilik. Unai gaztea da eta badakit oso maila onean dagoela, beraz, zoriontzea besterik ez daukat. Belaunaldi berriak indartsu datoz eta bera da horren adibide.
Datorren urterako zein da helburua?
Orokorrean maila jaisteko asmoa daukat. Ez dut korrika guztiz utzi nahi, baina aurten Behobia egin ondoren gauzak aldatuko dira. Hainbeste lasterketetan parte hartzen jarraitu ahal izateko entrenamendu saio asko egin behar dira eta dagoeneko beste ardura batzuk ditut. Datorren urtetik aurrera lasterketa gutxiagotan parte hartzea erabaki dut. Bi seme alaba txiki ditut eta beraiei denbora gehiago eskaini nahi diet.
Gaurkoan penarekin orduan?
Pena bai, baina urte asko izan dira korrika eta erritmoa jaitsi arren, azken urte hauetan denbora asko eskaini diot korrika egiteari beraz, ordua iritsi dela iruditzen zait. Datorren urteko krosean parte hartuko dut, baina lehen postutan egotearena zailagoa izango da.