Unai Arroyo/ Gizonezkoen mailako irabazlea
“Ez nuen irabazterik espero”
Igandeko Lasarte-Oria Bai! kros herrikoian 18 urteko Unai Arroyo tolosarra izan zen garaile eta lehenengo aldiz parte hartzen bazuen ere berak jantzi zuen txapela. Gazteak garaipena kendu dio herriko David Martin korrikalariari 33'16ko denbora eskuratuz.
Lehenengo aldia al da Lasarte-Oriako krosean?
Ba egia esan ez. Helduekin korrika egiten dudan lehen urtea izan da hau, baina umetan Kros Txikian parte hartu izan dut. Oso gustura egin dut korrika eta sentsazio oso onekin bukatu dut lasterketa. Ez nuen espero hainbeste korrikalarik parte hartzea eta asko gustatu zait sortzen den giroa. Korrikalarien maila ere oso ona da.
Irabazterik espero al zenuen?
Irabaztea ez, ez nuen espero. David Martin joan da lasterketa hasieratik aurrean eta banekien bera zela iazko irabazlea. Zubietan, 8. kilometroan uste dut, David harrapatu eta ondo nengoela ikusita, esfortzua egin eta aurreratzea erabaki dut. Nire asmoaz konturatu da, baina indarrez nahikoa juxtu zegoela iruditu zait eta ezin izan du nire erritmoa mantendu.
Zein zen zure helburua?
Helburua gustura eta maila onean korrika egitea zen. Ez dut denbora jakin bat bilatu, izan ere, atletismoan ibiltzen naiz eta laster txapelketak hasten direnez, hau entrenamendu moduan hartu nahi izan dut. Txapelketetan lehiatzen hasi aurretik garrantzitsua da jakitea zein egoera fisikotan zauden eta horrelako herri krosak horretarako lagungarriak izaten dira.
Amaia Arbillaga/ Emakumeen arteko irabazlea
“Hasierako aldapak gogorrak egin zaizkit”
Emakumeen artean ere lehenengo postua tolosar batentzat izan da aurten. Amaia Arbillagak irabazi du 40 minutu eta 40 segundoko denbora eginez eta animatuta dago bi aste barru Behobia eta Donostia arteko proban ondo aritzeko.
Lehen urtea kros honetan?
Bai, niretzako lehenengo urtea izan da lasterketa honetan eta ezuste handia izan da irabaztea. Asko gustatu zait lasterketaren inguruan sortzen den giroa. Ikusleek asko animatzen dute eta hori eskertzen da.
Ez zenuen garaipenik espero?
Egia esan ez. Ibilbide hasieran aldapa batzuk daude eta gogorra egin zait, baina gero nire burua ondo ikusi eta gustura egin dut ibilbidean aurrera.
Hurrengo helburua zein duzu?
Lasterketa askotan parte hartzen dut eta hurrengoa Behobia izango da. Espero dut honetan maila ona eman ahal izatea gaurkoa ikusita. Datorren urteari begira, ikusiko da, baina besteak beste berriro Lasarte-Oria Bai! krosean parte hartzea espero dut.