Unai Arroyo eta Amaia Arbillaga tolosarrak irabazle Lasarte-Oria bai Kros herrikoian

Txintxarri 2011ko urr. 31a, 01:00
Bi mila lagun baino gehiagok hartu dute parte. Lasarte-Oria Bai Kros herrikoian igande goizean herri honetan, 1.500 XVI. Krosean eta 600 haurrek baino gehiagok XI. Kros Txikian. Kros nagusiko irabazleak Unai Arroyo eta Amaia Arbillaga tolosarrak izan ziren eta Abantoko Imanol Martin izan da irabazle elbarrien mailan.
Giro bikaina izan da igande goizean Lasarte-Orian bertako kros herrikoian, batetik eguraldi oso ona egin du eta bestetik milaka pertsona hurbildu dira atleta handi eta txikien korrikaldiak ikustera.
1.508 pertsonak eman zuten izena Lasarte-Oriako kros herrikoian parte hartzeko eta horietatik 1.483k amaitu dute proba. Gizonezkoetan David Martin herritarrak ezin izan du iazko garaipena errepikatu, proba hasieratik aurrea hartu badu ere, azken kilometroetan Unai Arroyo 18 urteko gazte tolosarrak aurreratu egin baitu. 33 minutu eta 15 segundoan burutu ditu probak dituen 10 kilometro eta 500 metroak. 21 segundora iritsi da David Martin herritarra eta 49 segundora Yeray Varela oñatiarra.
Emakumezkoetan irabazle Amaia Arbillaga tolosarrak 40 minutu eta 37 segundo behar izan ditu ibilbidea osatzeko. Laura Sola Uztarrozkoak 40:45 eta Usurlbilgo Idoia Ezeiza hirugarrenak 42:24. Lehen lasarteoriatarra, Maria Mendibe izan da 43 minutu eta 10 segundoko denborarekin. Azkenik, elbarrien artean Imanol Martin abantoarra iritsi da aurrena eta bere atzetik Villabonako Iñaki Iraola, eta Urruñako Pierre Miura.