31-Sustrai eskenatokia galdu da momentuz

jon-altuna-egitegi 2011ko urriaren 31

Urriaren amaieran itxi zen Sustrai taberna, hainbat urtetan herriko musika taldeen eta beste hainbat kultur eta giza talderen erakusleiho izan den Kale Nagusiko lokala. Agur bezala, kontzertu berezia antolatu zuten urriaren 31n Keep Digging eta Aurka taldeekin. Gau berezia izan zen, goizera arte luzatu zena, eta Aurkarekin batera beste rock talde batzuetako kide eta musikariek ere jo zuten, Despervicio-koek esaterako. Sustrai ondo ezagutzen duen Xabier Mora Aurkako kideak azaldu digu Sustraik hamabi urte hauetan izan duen bilakaera.

Lasarte-Oriako Kale Nagusiko taberna deigarria izan da betidanik Sustrai. Hastapenetan, giro alternatibo baten baitan, hitzaldi, antzerki edota ekintza kulturalak garatzeko tokia izan zen.
Gerora, ezagunagoa egin da musika taldeek bertan ematen zituzten kontzertuengatik. Herriko taldeentzat ezagutzera emateko primerakoa zen eskenatokia galdu egin da oraingoz, jabeek diru arazoak direla eta, uztea erabaki baitute.
Sustrai barru-barrutik ezagutu izan duen Xabier Morarekin bildu gara, Sustrairen inguruan zertxobait gehiago jakin nahian.

Antzerki, filme, hitzaldi...

Sustraik herriari zer eman dion galdetuta, argi dauka erantzuna Morak. "Giro itzela sortu izan du gazteon artean, ez zegoen eta herrian gaztetxerik. Geneukana botatzean, Txema eta Ainhoak hartu zuten, eta mesede handia egin izan dio herriko giroari".
Izan ere, Sustrai, taberna soil bat baino gehiago zen. Antzerkiak, dokumentalak, hitzaldiak... Denek topa zezaketen euren lekua bertan. Azken finean, taberna alternatibo eta kulturala izan baita.

Obelix aitzindari

Gehienbat Obelix-ek altxatu zuen giro musikala herrian. Sustraien papera berriz, kulturalagoa zen hasiera haietan.
Bertan AHT-a, Itoizko urtegia eta halako gaien inguruko hitzaldiak ematen ziren. “Gerora sartu zen musika Sustrain. Obelix-ek berriz, hasieratik izan zen musikarekin lotura estuagoa” dio Morak.

Herriko taldeen sehaska

Herriko taldeentzat eskaparate paregabea izan da Sustrai. “Ezagutzera emateko aukera aparta zeukaten, ez zuten agian karrera musikala bertan hasiko, baina beste herrietako taldeak hona etorri eta gu besteetara joatea behintzat, lortzen genuen”, dio Morak. Elkartrukea zen nagusi Kale Nagusiko lokalean.
Izan ere, kontzertu ugari antolatzen zituen Sustraik, 30-40 bat urtean. “Urteek aurrera egin ahala, geroz eta gutxiago egin dira”, aitortu du Morak. Musika motari buruz galdetuta, gehienbat, punk, metal eta rock-a izaten zirela esan digu. “Punk-a batez ere, Hori izan da Sustraien arima”.

Hasierak azkena zor

Hainbat bizipen bizi izan ditu 12 urte hauetan, baina bat aukeratzekotan, bereziki azken kontzertua du gogoan. Itxierarena, Keep Digging eta Aurkak eskaini zutena. “Berezia izan zen, batik bat Despervicio eta beste talde batzuekin hainbat bertsio jo genituelako. Ederki pasa genuen”.
Sustrairen amaierak askotariko sentimenduak sorrazten dizko. “Beti ibili izan gara hor, gazte-gaztetatik. 16 urte genituenetik ezagutzen dugu taberna eta Obelixek bezala, Sustraik bizitza handia eman izan dio herriari. Ez dira gaztetxeak, baina herria suspertu zutela esan daiteke”.

Gaztetxe faltan, taberna

Gaztetxea 1996tik 1999ra bitarte egon zen irekita Lasarte-Orian. "Etxea deitzen genion, Andre Joakinenea azpian zegoen kokatua. Bizitza asko ematen zion herriari”.
Xabier Moraren esanetan, maila handiko kontzertuak entzuteko aukera izaten zen gaztetxean: "Hainbat kontzertu eskaini zituzten kanpotik etorritako taldeek, adibidez Holandatik edo Bartzelonatik etorri izan dira gure herriko gaztetxera kontzertuak ematera”.
Gogoan du, Kashbad eta Des-Kontrol bezalako taldeek hasiera haietan “Etxea”n jo izan zutela.
Gainera, Sustraiko lehen jabeak gaztetxean bertan ibiliak izan zirela gogorarazi du eta gero Sustraien proiektuan murgildu zirela buru-belarri, Gaztetxea eredu hartuta.