Lasarte-Oria Bai!, krosa baino gehiago

XVI. Lasarte-Oria Bai! herri krosak berriro ere markak hautsi zituen igande goizean. Inoiz baino parte hartzaile gehiago izan ziren, aurten 1.508k eman zuten izena eta 1.490k amaitu zuten eguraldia ere korrika egiteko bikaina zela baliatuz. 85 urteko Serafin Galindo astuariarrak ere egin zituen 10 kilometro eta 500 metro eta Lasarte-Orian izaten den bultzada eta giro onarekin txudituta, umore onez aitortu zuen hurrengo urtean ere etorriko dela. Bere atzetik erratzarekin urtero bezala etxekoandrez jantzita ateratzen diren azken korrikalariak. Bestalde, Kros Txikian 600 haurrek baino gehiagok hartu zuten parte.

Urdin eta eguzkitsu esnatu zen herria igande goizean. Lasarte-Oria Bai! XVI. Kros herrikoiaren eguna izan ohi da urriko azken igandea, egun handia lasarteoriatarrentzat. Aurten, primerako eguraldia suertatu zitzaien korrikalariei. Ez hotz, ez bero, korrika egiteko egun aproposa oso. Kaleko giroa berriz, aparta. Jende andana ikus zitekeen herriko espaloietan lasterkariak animatuz, euren animu guztiak emanez. Azken finean, Lasarte-Oria Bai! Krosa horixe da, herriak herriari antolatutako festa eguna.
Goizean goizetik korrikalari mordoa zebilen Michelin inguruan beroketa ariketak egiten. Korrika txikian batzuk, luzaketa ariketak egiten besteak, azken likidoak barneratu edota zertxobait jaten zebiltzan gehienak. Ez da gutxiagorako, Lasarte-Oria Bai! XVI. kros herrikoiaren eguna baita, egun handia inondik ere, Behobia-Donostia klasikoaren aurreko azken azterketa serioa.
Urduritasuna nabari zen haien aurpegietan, pultsometroa ondo dabilela egiaztatu, sudurreko tiritatxoa jarri, kronometroa zeroan ipini... eta irteera marrara. Lekua hartzea garrantzitsua izaten baita halakoetan, lasterkari bakoitzak erritmo bertsua duena nahi izaten baitu ondoan, erreferentzia gisa. 10:30ak heldu ahala, bihotzaren presioa igo egiten dela sumatzen dute guztiek... Zapatilak ondo lotuta daudela azken aldiz egiaztatu eta... Has dadila festa.

Elbarriak aurretik

Korrikalariak lasterka hasi aurretik, agurra dantzatu zieten Erketz dantza taldekoek parte-hartzaile guztiei eta ondoren, elbarrituen lasterketa hasi zen. Handik minutu bira abiatu ziren korrikalariak. 10,5 km-ko ibilbidea zuten denek aurretik.
Kilometroek aurrera egin ahala, korrikalarien aurpegiko keinuak gero eta behartuagoak zirela atzematen zen, hankek pisua hartuko baliete bezala. Hala ere, 6. kilometro inguruan, probaren erdi aldera, Oriako pabilioietan aho lehortua freskatzeko parada zuten lasterkariek. Oso ohikoa izan ohi da hornidura postuetan ur botila bat hartu, zertxobait edan eta gainontzeko guztia burutik behera botatzea. Eguraldi ona lagun, bat baino gehiago ikusi genuen halakorik egiten.

Krosa, zenbakitan

Unai Arroyo eta Amaia Arbillaga izan dira aurtengo edizioko garaileak, 33:16 eta 40:40 markak eginda hurrenez hurren. Gizonezkoetan, David Martin herritarrak ezin izan du iazko garaipena errepikatu, proba hasieratik aurrea hartu badu ere, azken kilometroetan Unai Arroyo 18 urteko gazte tolosarrak aurreratu egin baitu iazko txapeldun herritarra. 33 minutu eta 15 segundoan burutu ditu probak dituen 10 kilometro eta 500 metroak. 21 segundora iritsi da David Martin herritarra eta 49 segundora Yeray Varela oñatiarra.
Emakumezkoetan, irabazle Amaia Arbillaga tolosarrak 40 minutu eta 37 segundo behar izan ditu ibilbidea osatzeko. Uztarrozko Laura Sola bigarrenak 40:45 eta Usurlbilgo Idoia Ezeiza hirugarrenak 42:24. Lehen lasarteoriatarra, Maria Mendibe izan da 43 minutu eta 10 segundoko denborarekin.
Elbarrituetan berriz, Imanol Martin abantoarra izan zen azkarrena, 28:16ko denborarekin, bere atzetik Villabonako Iñaki Iraola, eta Urruñako Pierre Miura sartu ziren. Denera, 1508 korrikalarik eman zuten izena eta horietatik 1483 iritsi ziren helmugara. Elbarrituak berriz, sei izan ziren guztira eta denek lortu zuten helmugara iristea.

Helmuga ostean, saria

Denetariko sentsazioak atzematen ziren behin helmuga marra zeharkatuta. Pozik batzuk, konforme besteak, eta bat edo beste haserre bere buruarekin... Baina orokorrean, festa giroa zen nagusi. Elkarri lasterketan izandako batailatxoak kontatzeko aukera paregabea izaten baitira halakoak.
Behin helmugara iritsita, parte-hartzaile guztiek zeukaten jana eta edana indarrak berreskuratzeko: nahi adina fruta eta ur botila zeuzkaten eskuragarri... Eta nahi zuten korrikalarientzat garagardoa ere bai. Ezin ezbaian jarri antolakuntzaren lana.

Inoiz ez da berandu

Bitxikeria gisa, aipatzekoa da 85 urteko korrikalari asturiar batek krosa bukatzea lortu zuela. Serafin Galindo xixondarra izan zen balentria lortu zuen atleta. Sekulako txalo zaparrada jaso zuen Geltoki Kalea zeharkatzen zuen bitartean. Azkeneko metroak osatzen ari zela, hunkituta sartu zen helmugara, denei eskerrak emanez. Gizon eredugarria, inondik ere.
Bestalde, adimen urritasuna duten pertsonak laguntzen dituen Jalgune taldekoek krosaren azken metroak osatu zituzten eta gero Kros Txikiaren antolatzaileen laguntzaile fin izan ziren.
Hauxe izan da aurtengo krosak utzi diguna. Hurrengo urtean, gehiago.