Muñoa eta Labakaren ordua

jon-altuna-iza 2011ko aza. 2a, 01:00
Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan igandean arratsaldeko 17:30etan jokatuko den kanporaketan erabakiko da zein 18 bertsolari sailkatuko diren Gpuntua, Gipuzkoako Bertsolarien Txapelketako finalerdietarako eta azken finean zein bertsolariren artean jokatuko den Gpuntua. Unai Muñoa eta Ane Labakak kantatuko dute saio honetan eta kantatu bezain laster jakingo dute final erdietan izango diren ala ez. Amaia Agirrek lortu du txartela, ez, ordea, Andoni Otamendi eta Unai Gaztelumendik.
Gipuzkoako txapelketaren finalerdietara pasatzeak, badauka berarekin beste sari bat ere, 2013 jokatuko den Euskal Herriko Bertsolari txapelketan parte hartzeko aukera. Gpuntuaren finalerdietara pasatzen ez direnek aukera hori galduko dute, eta esaterako jada galdu dute, txapelketetan ondo ibili ohi diren Uxue Alberdi eta Iñaki Gurrutxagak.
Azpeitian igandean jokatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken final laurdenean kantatuko dute Ane Labaka eta Unai Muñoak, Iñaki Apalategi, Iker Zubeldia, Arkaitz Oiarzabal “Xamoa” eta Jokin Urangarekin batera, eta aurrera egin nahi duenak puntu mordoxka lortu beharko ditu.
Kanporaketan nagusitzen dena zuzenean pasatuko da azaroaren amaieran eta abenduaren hasieran Arrasate, Tolosa eta Hernanin jokatuko diren final erdietara, eta puntuka sailkatzeko momentuz, 467,5 eta 472 artean dago langa. Hortik gora egiten duena final aurrekoetan izango da eta hortik behera egiten duena kanpoan.
Eta puntuaketa horren erdian geratuz gero, bigarren izanik nahikoa izango dira 468 puntu, hirugarren eta laugarrenak gutxienez 469 lortu beharko ditu, bosgarrenak 472 puntu eta azkena ere sailkatuko da 472 puntu baino gehiago lortuz gero.
Zain egongo dira eta urduri oraindik sailkatzeko aukerak dituzten Iban Urdangarin (472.0), Iñigo Izagirre, (471.5), Ainhoa Agirreazaldegi (468.5), Iñaki Zelaia (468.5) eta Nahikari Gabilondo (467.5)

Andoni Otamendi kanpoan

Andoni Otamendik Villabonako Olaederra kiroldegian kantatu zuen urriaren 23an, zortziehun bat lagunen aurrean, asko Lasarte-Oriatik joandakoak. Ez zuen Kultur Etxeko saioan bezala bere eguna izan eta txapelketatik kanpo geratu zen. Aipagarri da, berarekin kantatu zuten Beñat Gaztelumendi, Iñigo Manzisidor “Mantxi” eta Unai Agirre jada sailkatuak direla. Andoni Otamendirekin batera kantatu zuen Unai Gaztelumendi ere, 467 puntu eskuratu arren, final erdietatik kanpo gelditu da.
Amaia Agirreri dagokionez, Hondarribiko pilotalekuan kantatu zuen aurreko larunbatean, urriaren 29an eta lortu du finalerdietarako txartela. Final laurdenen artean onenetarikoa eta berdinduenetarikoa izan zen, jada Aitor Sarriegi irabazlea, Alaia Martin eta Amaia Agirre bera sailkatuak baitaude, Iñigo Iz agirre eta Nahikari Gabilondok oraindik badituzte aukerak, lehenengoak gehiago, eta Haritz Casabal izan zen kanpoan geratu zena.

30 BERTSOLARI FINAL ERDIEN BILA

Kanporaketa irabazita sailkatuak
Jexux Mari Irazu 502.0
Beñat Gaztelumendi 501.5
Aitor Sarriegi 494.0
Jon Martin 494.0

Puntuen arabera sailkatuak
Felix Zubia 482.0
Alaia Martin 481.0
Iñigo Mantzizidor Mantxi 480.0
Unai Agirre 480.0
Agin Rezola 479.5
Beñat Lizaso 479.0
Amaia Agirre 478.5
Nerea Elustondo 474.5

Kantatzeko falta direnak
Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan
Azaroaren 6an 17:30
Iker Zubeldia
Jokin Uranga
Unai Muñoa
Ane Labaka
Iñaki Apalategi
Arkaitz Oiartzabal Xamoa
Lehenengoa zuzenean pasatuko da finalerdietara, bigarrenak pasatzeko 468 puntu lortu beharko ditu, hirugarrenak 469, laugarrenak 469, bosgarrena 472 eta azkena ere sailkatuko da 472 puntu baino gehiago lortuz gero.

Emaitzen zain daudenak
Iban Urdangarin 472.0
Iñigo Izagirre 471.5
Ainhoa Agirreazaldegi 468.5
Iñaki Zelaia 468.5
Nahikari Gabilondo 467.5
Aukerarik ez dutenak
Unai Gaztelumendi 467.0
Uxue Alberdi 461.0
Oier Aizpurua 457.0
Iñaki Gurrutxaga 451.0
Andoni Otamendi 431.5
Ander Lizarralde 440.5
Haritz Casabal 440.5