2-Kultur ekintzen berri emateko, LasarteOriaSarean weba abian

Txintxarri Aldizkaria 2011ko azaroaren 2a

Lasarte-Oriako Kultura sailak web orrialde berria, LasarteOriaSarean, jarri du martxan. www.lasarteoriasarean.eu edo Lasarte-Oriako udaleko web orrialdetik sartu ahal dira herritarrak.
“Orrialde honetan Udaleko departamentuek edo herriko elkarteek antolatzen dituzten jai, ekitaldi edo egitarauak egongo dira herritar guztiek, zein elkarteek ere honen berri izan dezaten” adierazi dute kultura sailetik.
Era berean, herritarrei erraztasunak emate aldera egin dutela ere azaldu dute, “era honetara, ez dute herritarrek kultur etxeraino etorri behar zein film edo ekintza dauden ikusteko”.

Agenda bateratua

Izan ere, web orrialde honetan astean zehar edo asteburuan herrian egingo diren ekintzen informazioa eta antolatzaileena eskuragarri dago euskaraz eta gaztelaniaz.
Honetaz gain, orrialde honetako atalen artean “garrantzitsuenetariko bat” agenda bateratua da.
“Honetan kultur edo gazteria saileko ikastaroaz gain, herriko kultura sailak eta elkarteek antolatzen dituzten ekintza edo jaialdien berri emango da,” azpimarratu dute kultura sailetik.
Horretarako, sailak elkarteen eskura izango duen fitxa bete beharko dute jardueraren nondik norakoak azalduz, eguna, ordua, sarrerarik dagoen edo ez, etab. Jarraian, posta@lasarteoriasarean.eu helbidera bidali behar da fitxa.
Kultura sailak eskaera bat egiten die herriko elkarteei, “agendan ekimena argitaratzeko fitxa denborarekin bidaltzea. Azken eguna, ekintza baino lau egun lehenago izango litzateke”.

Sare sozialak

Proiektu berri hau modu azkar eta motzean ekintzen berri emateko asmoarekin sortu da eta horretarako, LasarteOriaSarean orrialdea Facebook edo Twitter bezalako sare sozialetan bere tartea sortu du.
Era berean, LasarteOriaSarean web-a Kulturize plataformako kide da. Android eta IPhone mugikorretan aplikazioa jaitsiaz LasarteOriansarean orrialdeko antzerki edo kontzertuen berri izateaz gain, eremuan egon daitezkeenei buruzko informazioa ere izan dezakezu.

PSEren oharra

Bestalde, Lasarte-Oriako talde sozialistak komunikabideetara bidali duen oharrean, Kultura saila zoriontzen du estreinatu berri duen web orrialdeagatik.
Udalak herritarrei informazioa hurbiltzeko bide desberdinak bilatu behar dituela eta sare sozialak kultura kudeatzeko era bat direla onartu du PSEk. “Herritarren, herriko elkarteen eta sailaren arteko harremanak kudeatuko eta topaleku izango den web orrialdea irekitzea beharrezkoa da gaur egun,” adierazten dute.
Hala baina, Jesus Zaballos alkate ohi eta talde sozialistaren bozeramailearen ustez, "web orrialde hau martxan jartzeak Bildu, EAJ eta Plataformak sortutako Gobernua Lasarte-Oriarentzako programa gabe sortu zela erakusten du."
Izan ere, "web orrialde honen sorrera alderdi sozialistaren hauteskundeetako programaren 78. proposamena zen," azaldu du alderdi sozialistak.
Era berean, PSEk "alkatetza kentzeko aitzakia kudeatzaile txarrak ginela bada, Gobernuak gure proposamenak martxan jartzea ez dugu ulertzen".