Osasun Astea azaroaren 7tik 11ra, astelehenetik ostiralera, burutuko da aurten Villa Mirentxun eta osasunari helduz: Nerea Sanchezen iritziz, aurreko urteetako egitarauak ikusita konturatu da gaixotasunei eta erantzunei buruz hitz egin dela "eta hori ondo dago, baina jakin behar dugu nola bizi modu osasuntsuan, horregatik deitzen da Osasun Astea".
Beraz "ez gaixotzeko nola jokatu" jakin dezagun, aurten, proba bezala, zerbait desberdina ekarri nahi izan dute eta beste mota batetako hitzaldiak antolatu, daukaten erantzuna ikusteko: horrela, esaterako sexu harreman osasuntsuek edo elikadurak bizitzan duten eragina ezagutzeko aholkuak emango dira.
Bost hitzaldi
Guztira bost hitzaldi eskainiko dira arratsaldeko 19:00etan Villa Mirentxuko beheko solairuan dagoen aretoan, hasteko adituek euren azalpenak emango dituzte, gazteleraz, eta ondoren nahi diren komentario eta galderak egiteko aukera egongo da nahi den hizkuntzan.
Astelehenean eskoletan gazteekin sexologia jorratzen duen Lilima taldekoek "Bikote harreman osasuntsuak eraikiz" hitzaldia emango dute kasu honetan pertsona helduentzako.
Asteartean Egoitz Garro makrobiotikan adituak "Elikadura eta sentimenduak" gaia jorratuko du.
Asteazkena odol emaileei eskainiko zaie, goizetik odol ematearen inguruan informazioa emango dute Okendo Plazan eta arratsaldeko 19:00 "Odol emaileen etorkizuna" gaia jorratuko du Xabin Urzelaik.
Sintrom botika aztergai
Ostegunean, osasun zentroak proposatuta zalantza eta galdera asko eragiten dituen Sintrom botikari buruzko argibideak eskainiko dituzten bertako Amets Arruabarrena mediku eta Rosa Gaintza erizainak gaixo eta senideentzat.
Nerea Sanchezek jakinarazi zigunez, Osasun zentroarekin harremanetan jarri ziren jakiteko eurek zein gai ikusten zuten herritarrentzat interesgarri eta hasieratik aipatu omen zuten odola arintzeko erabiltzen den Sintrom botika, jende askok hartzen duelako, askotan zertarako jakin gabe eta kezka-zalantza asko sortuz hartzaile eta senideen artean.
Azkenik ostiralean Alkoholiko Anonimoak taldeko bi kidek eta Kristina Saez de Arregi psikiatrak "Alkoholismoa, gaixotasun bat" jorratuko dute. Antolatzaileei egokia iruditu zitzaien astero astero Villa Mirentxun bertan elkarte honetako kideek egiten duten lana borobiltzeko gai hori jorratzea jardunaldien barruan.