6-Ane Labaka eta Unai Muñoa Gpuntuko final erdietatik kanpo

Txintxarri Aldizkaria 2011ko azaroaren 6a

Unai Muñoa eta Ane Labakak ez dute Gpuntua Gipuzkoako Bertsolari txapelketako finalerdietan kantatzerik izango. Jokin Uranga nagusitu zen igandean Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan jokatu zen azken final laurdenean eta zuzenean sailkatu zen hurrenez hurren Arrasaten, Tolosan eta Hernanin azaroaren 26an eta 27an eta abenduaren 4an jokatuko diren azken aurrekoetarako; Iker Zuberldia eta Iñaki Apalategik ere lortu zuten puntuen arabera sailkapena eta Muñoa, Xamoa eta Labaka kanpoan gelditu ziren.
Triste bukatu zuten beraz Lasarte-Oriako bi bertsolariek eta beraiek ikustera Azpeitiara hurbildu ziren herritarrek, igandean egin zuen giroa bezain triste.
Eguraldiak ez zuen lagundu, errepide batzuek moztuta egon ziren, ez zegoen eroso Azpeitira iristeko baina 1.700 lagun inguru hurbildu ziren Gpuntua Txapelketako azken final laurdenera, eta Azpeitiko Izarraitz pilotalekua ia bete egin zuten.
Zailtasunak zailtasun bi lasarte-oriatar ziren bertan, Ane Labaka eta Unai Muñoa, beraz herritar asko hurbildu ziren saiora. Hau ordu laurdeneko atzerapenarekin hasi bazen ere txalo zaparradak hasiera hasieratik izan ziren parte hartu zuten sei bertsolarientzat.
Saio guztian zehar aritu ziren txukun bi lasarte-oriatarrak, agian elkarrekin aritu zirenean gozatu zuten gutxiena, koplatan sex-shopean elkartu diren koadrilako bi lagunen paperean, eta aldiz bakarka ondo aritu ziren biak.
Ane Labakak ale ederrak utzi zituen, "haurrak aitatxo gaiztoa al da? galdetu dizu" gaiarekin, Valdemoron preso den haurraren aitari kantatu zion "Gure bihotza eraman zuten berearekin batera"; "eraman zuten aitatxo urrutira, gu ez gara txintxoak baina gaiztoak beraiek dira" eta "presta ezazu larroxa gorria, laster egingo diogu gure ongi etorria" bukaerekin.
Unai Muñoa ere ondo aritu zen bakarka, eta gainera bere burua promozionatzeko aukera izan zuen. "Gazte gaztetatik argi zenuen 40 urte bete arte ez zenuela haurrik izango. Gaur bete dituzu 40 urte" gaiari erantzunez, "umerik ez nuen espero baina neska laguna bai" bota zuen lehenengoan, "ez da erraz eramaten bakardadearen mina" bigarrenean eta "ez naiz itsusi etorri, jarraitzen baitut bila, norbaitek gustuko banau, gero etorri dadila" hirugarrenean, bere burua goraipatu eta gero, "behar denean arroa, behar denean umila, behar denean hiztuna, behar denean isila, ez da erraz topatzen ni bezalako mutila, erromantikoa, bertsotan abila,..."
Beraz, finalaurdenetan utzi dute txapelketa Andoni Otamendi, Unai Muñoa eta Ane Labakak. Amaia Agirrek segituko du finalaurrekoetan. •