DYA elkartearen 25. urteurreneko bazkaria

Txintxarri Aldizkaria 2011ko azaroaren 7a

Zapore gazi-gozoa izan du DYAko lagunek Dana-Ona jatetxean egin duten bazkariak. Izan ere, alerta laranja ezarri du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailak aste-bukaera osorako eguraldi txarra dela medio. Hori dela eta, iganderako prestatuta zeuden ekitaldi guztiak atzeratu egin behar izan dituzte. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, oraindik ez dute atzeratutako ekintzak egiteko datarik ezarri. Baina seguruenik, 2012ko urtarrilean egingo direla ohartarazi dute.

Eguraldi txarrak herrian prestatuta zeuden hainbat ekitaldi bertan behera uztera behartu du eta kaltetuetako bat, DYA elkartea izan zen.
Izan ere, iganderako prestatuta zeuzkaten ekintza guztiak atzeratu egin behar izan dituzte, seguruenik, datorren urtera arte.
Hala ere, bazkaria egin dute Dana-Ona jatetxean eta Lasarte-Oria zein Usurbildik etorritako 60 bat lagun bildu ziren bertan. DYAko lagunez gain, herriko hainbat elkarteetako kide eta udal ordezkariak ere joan ziren bazkarira.

Bazkalosteko ekitaldia

Bapo bazkaldu ostean, azken 25 urte hauetan ateratako argazki desberdinez osatutako bideo erreprodukzioa ikusi zuten jantokian. Bazkarira bertaratutako pertsona bakoitzak DYAren argazkiak jasotzen dituen pendrive bat jaso zuen opari.
Ostean, aipamen berezia egin zitzaien azken urteotako ibilbidean paper garrantzitsua jokatu duten hainbat pertsonari eta lore-sorta bana banatu zaie mende laurden honetan egindako lana aitortuz. Hauek, esker oneko hitzak eskaini zizkieten bazkariko mahaikideei.