PSE-EE zerga igoeraren alde

Txintxarri Aldizkaria 2011ko azaroaren 7a

Jesus Zaballos sozialistaren agerraldian, udal gobernuak 2012rako aurkeztutako ordenantza fiskalei bere taldeak egindako zuzenketa mordoa azaldu ditu nahiz eta proposatutako %1,7ko igoeraren alde egon.
Lehen zuzenketa bilduma, herrira enpresa berriak erakartzeko neurriak dira. Udal gobernuak tasa guztietan %1,7ko igoera aurreikusi du 2012rako. Datorren urteko KPI, kontsumorako prezioen indizearen araberakoa. Enpresen kasuan, udal gobernuak jarduera ekonomikoen gaineko zerga eta bestelako tasa batzuk bere horretan uztea erabaki du pizgarri moduan.
Sozialistentzat hau ez da nahikoa "enpresak aurrezten duen dirua gutxi delako" eta horregatik Zaballosen hitzetan "enpresentzat benetako neurri erakargarriak" proposatzen dituzte. KPIa enpresei ere igotzea litzateke lehena "herritarrek pairatu beharreko udal tasen igoera hori enpresek ere ordaintzea delako logikoena". Bestetik, herriko komertzio txikien "iraupenaren alde" egiteko, %90eko gainbalioaren zergan hobari fiskala aplikatzea herentzia zuzenagatik jasotako negozioen kasuan. Gainera Lasarte-Orian ezartzen diren enpresa berrientzat urte betez jarduera ekonomikoen gaineko zerga ez ordaintzea proposatzen dute.
Lanpostu berriak sortzeagatik enpresek onurak izango lituzkete sozialisten arabera, besteak beste, jarduera ekonomikoen gaineko zergan %75eko hobaria. Halaber, abenduaren 31 baino lehen ixten duten negozioek, urte osoagatik ordaindutako tasa berreskuratzeko aukera izatea eskatzen da. Hau da, udalak negozioa zabalik egon denagatik zergak kobratzea.

Birziklatzeagatik saria

Bigarren ardatza, zaborraren inguruko neurriak dira. Zabor bilketak sortzen duen defizita kontutan izanda, "zuloa ez handitzeko" honen tasa 2012an %1,7 igo beharrean, %3a proposatzen dute sozialistek. Alabaina, birziklatzea sustatzeko Zaballosen ustetan neurri ona litzateke, 2012an herrian hondakinen %50 birziklatzekotan, 2013an zaborren tasa erdira murriztea esfortzua saritzeko. Zaborraren tasa merkatzeko, herritar eta enpresek gehiago birziklatu beharko lukete sozialistek proposatutakoa onartuko balitz.

Entrenamendu abonua

Azkenik, hirugarren ardatza, sozialistek herriko elkarteekin bere garaian hartutako konpromisoak betetzeko zuzenketak lirateke. Batetik kiroldegian "entrenamendu abonua" sortzea. Honen kostua abonu arruntaren erdia litzateke eta bertan zehaztuko litzake erabiltzailearen entrenamendu egunak eta orduak. Horrela, igerilekura entrenatzera sartzea izango luke erabiltzaileak baina ez kiroldegiko beste instalazioetara.
Bestalde, Jalgune klubari udalak % 10eko igoera ezarri nahi diola aurreratu du Zaballosek. Bere desadostasuna azaltzeko, ordenantza fiskaletan gainontzeko elkarteei bezala %1,7a aplikatzea eskatu dutela esan du.
Sozialistentzat "udal gobernuak argi utzi du ordenantza fiskalak behar bezala egiteko gai ez dela". Izan ere, "plangintza kaxkarra egin dute eta aurkeztutakoa ez dator bat bizi garen momentu ekonomikoarekin". Zaballosentzat, Diputaziotik jasoko den dirua asko murriztuko dela ahazten zaiela dirudi eta euren zuzenketek gainontzeko alderdien babesa jasotzea espero dute.