Aurten bost herrialdek izango dute presentzia antolatutako lau emanaldietan Italiako Dolomitak, Maroko, Tanzaniako Kilimanjaro, Mexiko eta Etiopia. Guztiak 21:30ean hasiko dira hilaren 9, 16, 23 eta 30ean, asteazkenetan, alegia.
Mendiz mendi
Ttakunek prestatutako egitarauan lehenengoak, Alex Tetuan, Tomas Maiz eta Txomin Otaegi izango dira. Hiru mendizaleek hamalau egun egin zituzten Dolomita mendilerroan paretak eskalatu eta gailurretara igoaz. Han bizi eta ikusitakoak azalduko dituzte.
Dolomitak mendilerroa Italiako Alpeetako parte da. Paraje ederra izateaz gainera, historiaz betetako txokoa da. Lehen Mundu Gerran Italia eta Austria-Hungariako inperioko armaden arteko frontea bertan kokatuta egon zen eta iragan horren arrastoak ageri dira oraindik, lubaki edo trintxerak esaterako. Dolomitaz gain, Alex Tetuanek Marokori buruzko diaporama ere prestatu du.
Mendia utzi gabe, azaroaren 16an Jexus Mari Presaren txanda izango da. Presa aurreko hiru lagunen antzera, mendizale amorratua da eta horregatik Kilimanjaro mendiaren tontorra izan du aurtengo udako erronka.
Kilimanjaro Afrikako gailurrik altuena da 5.895 metrorekin eta Tanzanian kokatuta dago. Sumendiaren gailurrera iristeaz gain, egun batzuk pasa zituen Presak Kenya eta Tanzanian besteak beste, animalia basatiak ikusteko safari bat egiten eta Masai tribua bertatik bertara ezagutzen.
Esperientziak
Mendizaletasunaz harago, herrialdeak eta bestelako kulturak ezagutzeko helburuarekin egindako bidaiak ere izango dira ikusgai.
Afrikatik Ertamerikara egingo da salto. Azaroaren 23an Aitor Atxegak hartuko du hitza. Argazki koloretsuak izango ditu lagun Mexikon bizitakoak azaltzeko. Aurtengo oporraldia bertan egin du ahal bezain beste herrialdea ezagutzeko asmoarekin.
Azkeneko diaporamarekin berriz Afrikan murgilduko dira bertaratzen direnak. Etiopiara, egindako bidaiaren inguruan ariko dira Maider eta Ane Galardi eta Oihan eta Izar Agirretxe. Herriko lau gazteek guraso eta beste hainbat lagunekin Etiopian barrena ibili ziren. Bertakoen bizimodua ikusi ahal izan zuten eta eurekin sortutako harremanaz mintzatuko dira diaporama saioei bukaera emanez.
Diaporama hauek bidaiazaleentzat aukera polita dira munduan zehar dauden txoko eta herriak etxetik mugitu gabe ezagutzeko. Agian hurrengo oporraldia prestatzeko laguntza ere izango dira Jalgin entzun eta ikusitakoak.
Diaporamak
Saio guztiak, 21:30ean
Jalgi Kafe Antzokian
Azaroa
9 Dolomitak eta Maroko (Alex Tetuan, Tomas Maiz eta Txomin Otaegi)
16 Kilimanjaro (Jexus Mari Presa)
23 Mexiko (Aitor Atxega)
30 Etiopia (Maider eta Ane Galardi, Oihan eta Izar Agirretxe)