Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Osasun Astea antolatu du Udalak urtero bezala: datorren astelehenetik ostiralera bost hitzaldi burutuko dira arratsaldeko 19:00etan Villa Mirentxuko beheko solairuan dagoen aretoan. Nerea Sanchez zinegotziak adierazi digunez, aurten gaixotasunei baino osasunari berari garrantzia eman nahi izan diote, “nola jokatu behar den ez gaixotzeko” alegia. Horrela astelehenean eskoletan sexologia jorratzen duen Lilima taldekoek “Bikote harreman osasuntsuak eraikiz” hitzaldia emango dute. Asteartean Egoitz Garro makrobiotikan adituak “Elikadura eta sentimenduak” gaia jorratuko du. Asteazkena odol emaileei eskainiko zaie, goizetik informazioa emango da Okendon eta 19:00 “Odol emaileen etorkizuna” gaia jorratuko du Xabin Urzelaik. Ostegunean, osasun zentroak proposatuta zalantza eta galdera asko eragiten dituen Zintron botikari buruzko argibideak eskainiko dituzten bertako Amets Arruabarrena mediku eta Rosa Gaintza erizainak gaixo eta senideentzat. Azkenik ostiralean Alkoholiko Anonimoak taldeko bi kidek eta Kristina Saez de Arregi psikiatrak “Alkoholismoa, gaixotasun bat” jorratuko dute. Hitzaldiak gazteleraz dira, baina ondorengo solasaldietan nahi dutenak euskaraz jardun daitezke.