Udalak ere igandean bizitako egoeraren azterketa eta irakurketa egin du prentsara bidalitako ohar batean.
Aipatzen denez, herrian izan diren "arazo gehienak estolderiatatik ateratako urak eragin zituen, hainbat garaje, lokal eta biltegietan arazo eta kalteak sortuz".
Abisuak
Udalak azaltzen duenez bere baliabide guztiak jarri zituen martxan eta momentu oro kontrolpean izan zuen egoera udaltzain eta brigadako langileei esker.
Horrela igande goizean zehar abisuak eman zitzaizkien lokaletako jabeei egoeraren berri emanez, kotxe edo bestelakoak garaje eta lokaletatik ateratzeko esanez eta horri esker sortutako kalteak izan zitezkeenak baino txikiagoak izan dira.
Kaltetuei laguntza
Era berean, Udalak kaltetuei jakinarazi nahi die, edozein reklamazio, aholku, laguntza edo eskakizun egin nahi izanez gero, udalera jo dezaketela eta bertan emango zaizkiela argibideak.