Gai nahasketa Udalbatzarrean

Txintxarri Aldizkaria 2011ko azaroaren 8a

Gaur arratsaldeko Udalbatzarrean, gai nagusia Atsobakar erresidentziako egoera izan da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak dagozkion eskumenak bere gain ez hartzeak Udalari sorrarazten dion defizitari buruz Udaleko talde sozialistak aurkeztutako mozioa eztabaidatu behar zen arren, Bilduk aurkako mozioa aurkeztu eta aurrera atera da, eztabaida luze baten ostean, Bildu, EAJ eta LOHP alderdien bozkei esker.

Kredituak eta isunak

Bestalde, 2011 ekitaldian kredituak aldatzeko gaur arte bideratu diren dosierren berri eman eta kreditu gehigarriak aldatzeko txostena onetsi da, Bildu, EAJ eta LOHP taldeen aldeko bozkarekin. Honen bitartez, Eusko Jaurlaritzak kudeatu beharko lituzkeen jangela eta haur eskolako kredituaren kopuruari dirua gehituko zaio.
Era berean, ekainaren 8ko alkatetzaren dekretuaren berri eman du Pablo Barrio alkateak. Jesus Zaballos aurreko alkateak, sinatu zuen dekretu honen bitartez, Udaltzainek orduan egin zuten japoniar erako greban jarritako ehundaka isunak bertan behera utzi zituen.

Galderak eta eskaerak

Azkenik, alderdiek eta herritarrek galderak eta erreguak egin dituzte. PSEk bere egin du aurreko udalbatzarrean herritar batek egindako eskaera, Bidegiri bigarren saihesbideko lanak bukatzeko eta soinua murrizteko zuhaitzak landatzeko eskatzearena alegia. Nerea Sanchez alkateordeak erantzun dio goizean bertan egin dela bilera eta negoziaketetetan ari direla. Bestetik bi galdera egin ditu Zaballosek, batetik, Kotxeraseko proiektua nola doan jakin nahi izan du, enpresekin hitzegiten ari direla erantzun dio Sanchezek eta bestetik, Gaztelekua noiz jarriko den martxan eta zein izango den bere planifikazioa. Tasio Arrizabalak erantzun dio martxan jartzeko prest dagoela eta proiektua lantzen ari direla, “herriko gazte guztientzako gune izatea nahi dugulako”.
Herritarrei dagokienez, Aralarren izenean, Mayi Bengoetxeak egungo Gobernuak Somotoko auziarekin aurrera jarraituko duen galdetu du eta gaia mahai gainean dagoela erantzun diote. Bestalde, udaletxeko balkoian dagoen “ETA NO/ETA EZ” pankarta kentzeko eskaera egin du eta eskaerarekin bat egin dute udal gobernuko partaideek.
Era berean, Michelingo kirol guneko azpian garajea duen herritar batek, asteburuan izandako euriteek haien garajeetan eragindako kalteen erantzuleak bilatu behar direla azpimarratu du. Izan ere, herritarrak azaldu duenez, garaje horietan ez zen ura kaletik sartu, obren amaieran akatsak egonagatik baizik.Hirigintzako arduradun Sanchezek egoera aztertzen ari direla aipatu dio herritarrari: “egoeraren informea eskuan izanik, enpresa eraikitzailearekin bilera izan dugu eta agian salaketa jarri beharko dugu”.