Auzolan topaketak, zaharrak berri Usurbilen

Txintxarri 2011ko aza. 11a, 01:00

Behin batean, aspaldi-aspaldi, mendiek eta animaliek izenik ez zuten sasoian, ba omen ziren Urola ibaiaren inguruan bi mendi nagusi. Eta biek ere, bazter haietako nagusitasuna aldarrikatzen zutenez, ospetsua omen zen bien arteko ezinikusia. Eta horrela behintzat, honelaxe galdetu omen zion mendi batek besteari egun batean: - Hi zer haiz? Eta besteak berriz honelaxe erantzun: - Hi bezalako zazpi!
Eta handik aurrera, bata Izarraitz eta bestea Izazpi izan omen ziren.
Eta egiak egi, ederrak eta bereziak dira elezaharrak, baina aldi berean gogor eta zakarrak ere badira.
Sinismen zaharrek gure mundua ulertzeko eta antolatzeko bidea ematen digute eta kontakizun bakoitzak bere esanahia dauka. Eta agian arestiko kontakizun txikiarena, erronkei aurre egitearena izango da.
Zezen beltza aurrez aurre hartu eta adarretatik eusteko premiarena. Bai norbanako gisa, zein euskaldun gisa ere, ez badiogu zezen beltz oldarkorrari adarretatik eusten, txarto behar gara izan.
Gaur egun pairatzen dugun sistema kapitalista, faxista, liberal berri eta globalizatzaileak, hainbat tresna erabiltzen ditu gu denok erdi akabatuta lagatzeko. Baina zorionez hainbat herritarrek, enbidoari aurre eginaz, hordagoa bota dute.
Usurbilgo herrian antolatutako I. Auzolan Topaketetan, gaur egun daukagun gizarteari buruz berba egin zen eta atalez atal gure gizarteko hainbat esparru aztertu; hala nola, argindarra, euskalgintza, deshazkundea, elikadura, osasuna, kultura, hezkuntza...
Eta hasiera besterik izan ez bazen ere, eman dira aurreneko pausuak eta jarriak dira hurrengo bilera egunak. Azaroaren 12an Iruñean bilduko gara, eta hemendik deia egiten dizuegu parte hartzera.
Abian da beraz Auzolan Ekimena eta gizarte berdinzaleagoa lortu asmoz auzolana eta batzarra bultzatu nahi ditu, herriz herri. Tokian tokiko burujabetasuna aldarrikatzen du eta hori lortzeko tresnak auzolana eta batzar edo bilerak izango direla.
Benetan beldur handia ematen du zezen beltzak, denok ere lepotik harrapatzen baikaitu, baina talde-lanean menderatu dezakegu. Horrela egiten zuten lana gure antzinakoek eta geuk ere badugu zer ikasia haiengandik. Jasone Mitxeltorena etxalartarrak idatzitako liburu bikainean, hainbat argibide lor daitezke: "Auzolanaren kultura. Iraganaren ondarea, orainaren lanabesa, etorkizunaren giltza" liburua izango da Auzolan Ekimena herriz herri eta auzoz auzo aurkezteko baliabidea eta dagoeneko salgai dago liburutegietan.
Bestalde, internet zaleentzat ere hortxe dago aukera, www.auzolan.info web gunean, eta hor aurkitu daiteke ekimenari buruz beharrezko informazio guztia.
Abian da Aro berria eta ilunpetan zegoen tunel umeletik ateratzen hasiak garenez, argitasuna non- nahi antzematen da. Baina argitasun gehiegi izateak ere, nahasmena sor dezake. Geldialdia egin eta hausnartu beharra dago. Tunel osteko argitasuna zabalegia da eta bidea aukeratu beharra dago. Ez da makala aurrean daukagun mendi gailurra, baina handiagokoak direnak ere egin izan ditugu euskaldunok. Mendi tontor gainera igo behar dugu: Aurrera gizarte taldekoi eta berdinzaleak, aurrera auzolana eta batzarra!

Gurutz Garmendia
Auzolan Ekimena