Egun batez arraunlari

maider-azurmendi 2011ko aza. 11a, 01:00

Euskadiren eguna zela eta jaieguna izan zen urriaren 25a, eta egun aproposa iruditu zitzaien Beltzak-Ostadar Jalai errugbi taldeko beteranoei kuttuna duten kirola utzi eta lehen aldiz traineru batean sartzeko. Gogoz ekin zioten herrikoek Donostiako Arraun Lagunak elkartekoek botatako erronkari. Arraunean nola egiten den jakiteko azalpen labur batzuk entzun, beroketak egin eta prest ziren errugbi jokalari ohiak Kontxako Badian arraunlari profesionalen antzera ibiltzeko.

Lasarte-Oriako Beltzak-Ostadar Jalai errugbi taldeko kideak, duela gutxi Donostiako Arraun Lagunak elkartean izan ziren Javier Amilibia presidentearen omenezko bazkarian sukaldari eta zerbitzari lanetan laguntzen. Egun horretan eman zitzaion hasiera urriaren 25ean gauzatuko zen esperientzia berriari.
Lagun artean egindako bazkari horretan, arraunlari ohiek erronka luzatu zieten herriko kirolari beteranoei eta hauek, noski, onartu egin zuten.
Erronka? Kontxa inguruan arraunean egitea. Sekula traineru batean ibilitakoak ziren lasarteoriatarrak baina hala ere, Ritxar Espinosa eta Aitor Urangaren hitzetan, ekimen polita eta zirraragarria iruditu zitzaien bertan bildutakoei.
Horrela, urriaren 25eko goizean badian arraunean ibili ziren Donostiako Ur-kirolak eta Fortuna kirol elkarteek utzitako traineru eta bi yola-tan, batetik Lasarte-Oriako Beltzak-Ostadar Jalai errugbi taldeko beteranoak,eta bestetik Indo anaiak eta semea, Fortuna zein Urki-ko beterano batzuekin batera.

Lehenengo aldia

Hitzordua goizeko 9:00etan izan zen Donostiako kaian. Bertan bildu ziren itsasoarekin lehen harremana izateko asmotan lasarteoriatarrak.
Arraunlari beteranoen azalpenak adi-adi entzun ostean, arraunean nola egiten den lehorrean probatu eta beldurrik gabe itsasoratu ziren errugbi jokalariak arraun munduko lagun horiekin.
Aitor Uranga han egon zen eta bere hitzetan lan zaila da arrauna: “kanpotik agian ez dirudi hain gogorra denik baina oso kirol neketsua da”. Esperientzia “informala izan zen” inongo helbururik gabekoa, prentsan argitaratu den informazioa ezeztatuz. “Goiza lagun artean ondo pasa eta hain desberdina den kirolean gure burua ikusteko egindako saiotxoa izan zen. Ez dugu arraun talderik sortuko”.
Lehen arraunkaden zailtasuna gaindituta, Kontxako Badian ordu betez “paseoan” ibili ziren herriko kirolariak. “Arraunean lasai ibili ginen gure indarrak neurtzen eta paisaiaz zein itsasoaz disfrutatzen. Nahiko berde gaude oraindik”.
Ondoren, guztiak erronka hasi zen lekura bueltatu ziren, Arraun-Lagunak elkartera. Han babarrun jana egin zuten galdutako indarrak berreskuratzeko asmotan.

Errepikatzeko

Guztientzat esperientzia polita izanik, errepikatzeko asmoa dagoela diote Ritxar eta Aitorrek. “Urtean behin edo bitan egiteko moduko ekintza da eta errepikatzeko asmoa dago, bai. Agian uste baino lehenago”.
Gainera arraunlariek errugbia zer den ere probatuko dute laster, “gu arraunean moldatu garen moduan, errugbian euren trebezia erakutsi beharko dute”. Oraindik truke honetarako data finkorik ez dago “urtea bukatu baino lehen antolatzea gustatuko litzaiguke”.

Askoren laguntza

Beltzak-Ostadar Jalaiko kideek esker ona adierazi diete bereziki Fortuna eta Ur-kirolakeko arduradunei, izan ere, trainerua eta yolak horrelako lagun arteko ekimenerako utzi zituzten oztoporik jarri gabe.
Bestetik badira lasarteoriatarrak laguntzen dituzten bestelako patrozinatzaileak eta horiei ere eskerrak eman nahi dizkiete ”garrantzitsua da eskaintzen diguten laguntza aitortzea, besteak beste Felix Santos, Abere haragiak-ekoak, Txitxarro erretegiko lagunak eta Costa Vasca hotela. Hauen babes ekonomikoa garrantzitsua da gure lanean jarraitu ahal izateko.
Bestalde, lagun giro honetan bada bi kirol hauen arteko elkarlanerako parada. Arraun lagunakekoak, arraunean hasi nahi duten gazteak behar dituzte. “Gure laguntza eskaini diegu eta herrian gazteren batek arraunean hasi nahiko balu, gurekin harremanetan jartzea besterik ez du izango aurrerantzean”. Beraiek jarriko dira talde donostiarrarekin harremanetan helburua gazteen artean kirola sustatzea baita.
Hasi berria den lankidetza eta laguntasuna emankorra izango dela ziur dute eta horretarako bidea zabaldu zuten bi taldeek erronka bezala hasi zen ekimenean. Akaso berriz Kontxako banderan lehiatzen ikusiko al ditugu lasarteoriatarrak?