Lasarteoriatarrak Gpuntuko final-erdien atarian geratu dira

Txintxarri Aldizkaria 2011ko azaroaren 11

Andoni Otamendi, Unai Muñoa eta Ane Labaka Lasarte-Oriako bertsolariek ez dute Gipuzkoako txapelketako final-aurreetara pasatzerik izan. Muñoa izan da hurbilen, txartela lortzeko hiru punturen faltan geratu baita: 466 puntu eskuratu zituen igandean Azpeitian jokatu zen azken final-laurdenean eta 468,5ekin sailkatu da Ainhoa Agirreazaldegi. “Aurkezleak 472 puntu esan zuenean, espero nuen nire izena entzutea, baina Iñaki Apalategirena izan zen”. Kartzelako saioaren aurretik ere ondo ikusten zuen bere burua, "ez erraz pasatzeko moduan, baina ezta kanpoan ere".
Ane Labaka eta Andoni Otamendik, aldiz, ez zuten egun ona izan final laurdenetan, ez ziren aldarte onarekin atera eta ezinean aritu ziren.
Aipagarri da, final zortzirenetan puntuaketa hobea izan zutela, 463.5 zortzirenetan eta 451 laurdenetan Anek eta are nabarmenago Andoniren kasuan, 484.5 zortzirenetan eta 431.5 laurdenetan.
Dena den, oro har, txapelketa ona egin dute eta bi fase pasatzeko gai izan dira. Ane Labaka izan da gainera bere belaunaldiko ordezkari bakarra final laurdenetan. Azpeitiako kanporaketako agurrean aipatu zituen kideak, baina bera ere kanpoan geratu denez, bertsolari gaztetxo hauek ez dute ordezkaririk izango final aurrekoetan.
Ane Labakak atera den lehen urtean “nahikoa” egin duela uste du eta errepikatzeko gogoarekin geratu da. Astelehenean esan zigunez, beste kanporaketa batzuetan "ideiak etortzen zitzaizkidan bezala Azpeitian blokeatuta nengoen" eta beraz kanpoan geratu zen. "Alde batetik lasaiago nago, baina bestetik pena ematen dit joan zen jendearengatik".
Unai Muñoak ere ez du ukatu kanpoan geratzearen mina, baina Anek pena handiagoa ematen diola esan digu: "ni jada lehen ere izan nintzen final erdietan eta Euskal Herrikoan kantatu nuen" eta sorpresa handiak egon badira ere, esaterako Uxue Alberdi edota Iñaki Gurrutxaga kanpoan izatea, harrituta da Unai bertsolari berrien aldetik ez delako sorpresarik egon: Ane izan da aurrean ibili den bakarra.
Amaia Agirre tarteka Lasarte-Oriako eskolara etortzen den villabonatarra sailkatu da eta abenduaren 4an kantatuko du Galarreta pilotalekuan, hirugarren final aurrekoan, Jokin Uranga, Ainhoa Agirreazaldegi, Iñaki Apalategi, Iñigo Mantzizidor “Mantxi” eta Jon Martinekin batera. Bertan erabakiko dira zortzi finalisten izenak.
Aurretik, azaroaren 26an, Arrasaten Beñat Gaztelumendi, Agin Rezola, Alaia Martin, Felix Zubia, Iker Zubeldia eta Iban Urdangarinek kantatuko dute eta hurrengo egunean azaroaren 27an Tolosan, Jexux Mari Irazu, Aitor Sarriegi, Beñat Lizaso, Iñigo Izagirre, Unai Agirre eta Nerea Elustondok.
18 bertsolari hauetatik zortzi izango dira Donostiako Ilunbe Zezen Plazan abenduaren 18an goiz eta arratsaldez jokatuko den Gipuzkoa bertsolari Txapelketaren finalean. Sarrerak salgai daude Jalgi tabernan eta www.gpuntua.com web-ean. Gehienen faboritoa Beñat Gaztelumendi da, Lasarte-Oriako bertsolarien ustez berak irabaziko du eta “berak irabaztea nahi dut gainera” esan digu Ane Labakak.