Uholdeek kaltetutako herritarrentzako bulegoa ireki du Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2011ko azaroaren 11

Asteburuko euriteak direla eta, Oria ibaia bi puntuetan atera zen herrian, Erribera kalean eta Michelin fabrika inguruan; astelehenean larrialdi egoera igaro ostean, garbiketa lanetan edo kalteak aztertzen ikusi genituen Erribera edo Uistin kaleko herritarrak.
Pablo Barrio alkateak ere igandean bizitako egoeraren irakurketa egin zuen Udalbatzarrean. Alkateak aipatu zuenez, herrian izan ziren “arazo gehienak estolderiatatik ateratako urak eragin zituen, hainbat garaje, lokal eta biltegietan arazo eta kalteak sortuz”.

Abisuak

Barriok azaldu zuenez Udalak baliabide guztiak jarri zituen martxan eta momentu oro kontrolpean izan zuen egoera udaltzain eta brigadako langileei esker.
Horrela igande goizean zehar abisuak eman zitzaizkien lokaletako jabeei egoeraren berri emanez, kotxe edo bestelakoak ateratzeko esanez eta horri esker sortutako kalteak izan zitezkeenak baino txikiagoak izan ziren.

Kaltetuei laguntza

Era berean, alkateak kaltetuei jakinarazi nahi die, herritarrek dituzten beharrak asetzeko, hau da, edozein erreklamazio, aholku, laguntza edo eskaera egin nahi izanez gero, udalan bertan irekiko den bulegora joan edo 943 376 185 zenbakira deitu ahal dezaketela.
Etxeetan laguntzen irizpideei buruzko bandoak jarriko dituzte. Hala ere, herritarrek jarraitu beharreko pausuak azaldu zituen alkateak.
Segurua izanez gero, probak bildu eta seguruarekin harremanetan jarri behar dira. Ostean, Udalean egongo den kontsortzioko eskaera orria bete behar dute.
Segurua ez dutenek, berriz, Udalera jo beharko dute. Izan ere, 2005eko 307 dekretuaren bidez laguntzak eskatu daitezke. Kalteak handiak izanez gero, dirulaguntza bereziak eskatu ahal izango dira.
Era berean, Udaletik ohartarazi dute, prozesu motela dela eta dirua epe luzera jaso ohi dela.