Gipuzkoako Foru Aldundiak dagozkion eskumenak bere gain ez hartzeak Udalari sorrarazten dion defizitari buruz Udaleko talde sozialistak aurkeztutako mozioa eztabaidatu behar zen arren, Bilduk aurkako mozioa aurkeztu eta aurrera atera zen.
Gorka Lizarraga Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azaldu zuenez, PSEk indarrean dagoen legedia alde batera uzten du bere proposamenean eta Atsobakarreko defizitak 2009 urteetan gorakada handia izan du.
Onartu zen proposamenean, Eusko Jaurlaritzari legea bete arazteko eskatzen zaio. Legearen arabera, Foru Aldundiak eskumen batzuk ditu eta erresidentzia defizita bere gain hartu beharko luke; baina Udalek ere haien eskumenak dituzte eta kasu batzuetan, etxez etxeko laguntzaren kasuan, esate baterako ez dituzte betetzen.
Era berean, aldaketa hauek guztiak aurrera eramateko, erakunde desberdinen artean dagokien finantzen egokitzea egiteko eskatzen da.
Azkenik, PSE-EEri eskatzen zaio 2009 urtean sortutako gastuen igoeraren zergatiak argitzeko. Eztabaida luze baten ostean, Bildu, EAJ eta LOHP alderdien bozkei esker onartu zen proposamena.
Kredituak eta isunak
Bestalde, 2011 ekitaldian kredituak aldatzeko gaur arte bideratu ziren dosierren berri eman eta kreditu gehigarriak aldatzeko txostena onetsi zen, Bildu, EAJ eta LOHP taldeen aldeko bozkarekin.
Honen bitartez, Eusko Jaurlaritzak kudeatu beharko lituzkeen jangela eta haur eskolako kredituaren kopuruari dirua gehituko zaio.
Era berean, ekainaren 8an alkatetzak emandako dekretu baten berri eman du Pablo Barrio alkateak. Udaltzainek hauteskunde kanpaina hasieran egin zuten japoniar erako greban jarritako ehundaka isun bertan behera utzi zituen Jesus Zaballos aurreko alkateak, hain juxtu hauteskunde kanpainaren erdian sinatu zuen dekretu honen bitartez.
Pablo Barrio alkateak jakin arazi zuenez, “isunak ongi jarriak ziren eta horietako batzuk dagoeneko ordainduta zeuden eta prebarikazioa izan daiteke”.
Zaballosek berriro ere isunak kenduko lituzkeela adierazi zuen eta prebarikazioari buruz, horrela nahi duenak salaketa jarri dezala esan zuen.
Galderak eta eskaerak
Azkenik, alderdiek eta herritarrek galderak eta erreguak egin zituzten.
PSEk bere egin zuen aurreko udalbatzarrean herritar batek egindako eskaera, Bidegiri bigarren saihesbideko lanak bukatzeko eta soinua murrizteko zuhaitzak landatzeko eskatzearena alegia. Nerea Sanchez alkateordeak erantzun zion goizean bertan bilera egin eta negoziaketetan ari direla.
Bestetik bi galdera egin zituen Zaballos alkate ohiak, batetik, Kotxeraseko etxebizitzen proiektuari buruz galdetu eta enpresekin hitz egiten ari direla erantzun zion Nerea Sanchezek.
Bestetik, Gaztelekua noiz jarriko den martxan eta zein izango den bere planifikazioa jakin nahi izan zuen.
Tasio Arrizabalak erantzun zion martxan jartzeko prest dagoela eta proiektua lantzen ari direla, “herriko gazte guztientzako gune izatea nahi dugulako”.
Ikusleen artean ziren herritarrei ere galdera edo proposamenak egiteko aukera ematen die alkate berriak eta Aralarren izenean, Mayi Bengoetxeak egungo Gobernuak Somotoko auziarekin aurrera jarraituko duen galdetu zuen eta gaia mahai gainean dagoela erantzun zion alkateak.
Bestalde, udaletxeko balkoian dagoen “ETA NO/ETA EZ” pankarta kentzeko eskatu zuen eta eskaerarekin bat egin zuten udal gobernuko partaideek.
Era berean, Michelingo kirol gunearen azpian garajea duen herritar batek, asteburuan izandako euriteek haien garajeetan eragindako kalteen erantzuleak bilatu behar direla azpimarratu zuen. Izan ere, herritarrak azaldu zuenez, garaje horietan ez zen ura kaletik sartu, obren amaieran akatsak egonagatik baizik.
Hirigintzako arduradun Sanchezek egoera aztertzen ari direla aipatu zion herritarrari: “egoeraren informea eskuan izanik, enpresa eraikitzailearekin bilera izan dugu eta agian salaketa jarri beharko dugu”.
Ordenantzak
Bestalde, gaur, ostirala, 8:00etan ez ohizko udalbatzarrean gai garrantzitsua jorratuko da, 2012 urteko ordenantzak.