Hainbat gai interesgarri jorratu dira astean zehar eta ugari izan dira Villa Mirentxuko aretora hurbildu diren herritarrak.
Hitzaldiak
Astelehenean Lilima taldeko lagunak bikote harreman osasuntsuak nola eraiki azaldu zuten. Esate baterako, pertsona bakoitzaren bizipenek eta hezkuntzak harremanean izan ditzakeen garrantzia aztertu zen.
Asteartean, arrakasta handia izan zuen elikadura eta emozioak hitzaldia eskaini zuen Egoitz Garro aholkulari makrobiotikoak. Elikadurak bizitzaren esparru ezberdinetan duen garrantzia erakutsi zuen saio atsegin eta interesgarrian.
Odol emaileen elkarteko lehendakariak, Sabin Urzelaik odol sistemaren eta odol emateen historia eta odol emateekin zein prozesu jarraitzen duten azaltzeaz gain, odol-emaileen etorkizunari buruz ere mintzatu zen asteazkenean.
Honetaz gain, atzo ostegun goizean, San Pedro parrokia ondoko Elizatze plazan odol emaileen elkarteko kideek informazio karpa jarri zuten herritarrei odol emaileei buruzko informazioa eskaintzeko.
Era berean, atzo arratsaldean, Amets Arruabarrena medikua eta Rosa Gainza erizainak sintron sendagaiari buruzko mintzaldia egin zuten.
Besteak beste, antikoagulante honek gure osasunean sor ditzakeen arazoak azaldu eta herritarren kezkak eta zalantzak argitu zituzten.
Amaitzeko, alkoholismoa
Eta gaur emango zaio amaiera Osasun asteari Villa Mirentxun, arratsaldeko 19:00etan eskainiko den hitzaldiarekin.
Alkoholismoa izango da azken saioan aztergai. Kristina Saez de Arregi psikiatria arloko medikoa eta Alkoholiko Anonimoak elkarteko kideak izango dira bertan gaixotasun honi buruz hitz egiteko. •