Intertzeptorearen lanak fase berrian sartu dira

Txintxarri Aldizkaria 2011ko azaroaren 11

Lasarte-Oria eta Usurbilgo saneamenduko intertzeptore orokorreko sarea osatzeko lanak direla eta Uistin kaleko eremu bat itxia egon da.
Lan hauek bukatuta, Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi du, Oria ibaiaren paralelo doan Uistin Kaleko adarreko 3. eta 4. gauzatze-faseari ekin ziotela atzo.
Espainia Iparraldeko Ur Konfederakundeak sustatzen duen obra honen hirugarren fasea, Michelingo garajeen eta Blas de Lezo kalearen artean egingo da, eta laugarrena, berriz, Juan XXIII plazako garajeetako irteeraren eta Hipodromo etorbidearen artean.
Lanen iraupena, hilabetekoa izango da 3. faserako eta sei hilabetekoa laugarrenerako.

Aldaketak

Laugarren faseko lanak irauten duten bitartean, Uistin zeharkaleak, ibaiaren ondoan dagoenak, ez du izango Hipodromo etorbidera irteerarik.
Horregatik, Juan XXIII.aren Plaza eta Zubieta Plazako lurpeko garajeetako sarrera-irteerak, behin-behinean, Hipodromo Etorbidetik egingo dituzte autoek.
Era berean, hirugarren faseko lanak irauten duten bitartean, Blas de Lezo kaleko atzekaldetik ezingo da Uistin kalerantz joan.
Ondorioz, Michelineko lur-azpiko aparkalekuko sarrera-irteerak, behin-behinean, Blas de Lezo kalearen atzetik egingo dituzte automobilek lanak amaitu arte.
Honetaz gain, Uistin kaletik Hipodromorantzko automobilentzako ibilbidea behin-behinean desbideratuko da Blas de Lezo eta Geltoki kaleetatik barrena.
Gauzak honela, alkatetzak barkamena eskatu nahi die herritarrei lanek sor ditzaketen eragozpenengatik.