12-Labaka eta Etxeberria elkarrekin lehian

jon-altuna-iza 2011ko aza. 12a, 01:00
Lasarte-Oriako Bertso Eskolaren ezaugarri da adin ezberdineko bertsolariak dihardutela, eta horietako bik, Ane Labakak eta Patxi Etxeberriak, Usurbilgo I. Udarregi Sariketako finalean kantatuko dute larunbatean, azaroaren 12an, Agerialde ikastolan. Usurbilgo Bota Punttuba Bertso Eskolak bertsolari gazte eta zaharrak lehian jarri ditu, adindunen kanporaketan Patxi Etxeberria, Martin Rezabal "Olaso", eta Luis Otamendi Andoni Otamendi bertsolariaren osaba sailkatu ziren eta gazteenean Ane Labaka, Maialen Velarde eta Aitzol Barandiaran.
Igandean Gipuzkoako bertsolarien txapelketatik kanpo geratu eta gero Ane Labakak soinean duen arantza ateratzeko aukera izango du asteburu honetan. Ostiralean Kanpezun kantatuko du Arabako Bertxoko sariketako bigarren kanporaketan, eta larunbatean, Usurbilen Udarregi sariketako finalean.
Azken hilabeteotan asko aritu da bertsotan, eta beraz, argi dauka Ane Labakak asteburuan kantatu eta gero “pixka bat ahaztu” egin nahi duela bertsoetaz. Dena den, gustura joango da larunbatean, esan bezala, Aitzol Barandiaran, Patxi Etxeberria, Luis Otamendi, "Olaso" eta Maialen Velarderekin batera Udarregi Sarira. Gai jartzailea, Bota-Punttuba eskolako Imanol Arabaolaza "Txatxari" izango da.

Bertso eskola indartzen

Usurbilgo bertso eskola aspaldikoa bada ere, duela bi urte gazte batzuek lekukoa hartu eta bertso afariak antolatzen hasi ziren. Amaia Olasagasti bertsozale lasarteoriatarra Botta Punttuba berrindartu duten taldeko kide da, buru belarri ari da antolaketan eta berak eman digu sariketaren berri: "bertso afariek arrakasta zutenez, afariak aitzakia erabiliz sariketa bat egitea erabaki zen. Plaza gutxi dituztenei txoko bat egitea genuenez helburu, beteranoak eta gazteak elkarren "aurka" jartzea aukera polita izan zitekeela iruditu zitzaigun, utzita dutenak edo uzten ari direnak eta plazan orain hasi direnak. Gainera, ziur aski gazteek gutxitan kantatu izango zuten, inoiz kantatu badute, beterano hauekin eta alderantziz".
Beraz, "bi generazio oso ezberdinetako ahotsak entzuteko aukera paregabea izango da" larunbatean, Usurbilgo Ageri-alde ikastolan gaueko bederatzietan, afariaren ostean. Hala ere, Amaiak jakinarazi digunez, afariaren aurretik eta girotzen hasteko arratsaldeko zazpietan herrian zehar kantu bertso poteoa egingo da, Usurbilgo kantu taldearekin batera.

Entzuleen parte hartzea

Usurbilgo bertsozaleei gaiak asmatzeko aukera eman zaie, baina Amaiak esan digunez, gai batzuek soilik jaso dituzte: "zaila da zaleen parte hartzea eta ez dugu arrakasta handiegirik izan. Hala ere, aipatzekoa da entzuleen parte hartzea saio guztietan bultzatu dugula, izan ere, saio bakoitzean finalera igaroko ziren hiru bertsolarietatik bat aukeratzen zuten entzuleek eta jolas polita sortu da. Finalean ere, entzuleen bozka gehien jasotzen dituen bertsolariak izango du saria".
Azkenik, gonbitea luzatu die Amaia Olasagastik herritar guztiei finalera joan daitezen "horrelako aukerak ez direlako maiz izaten", eta eskerrak eman "I. Udarregi Sariketan lagundu gaituzten guztiei". Afarira joateko txartelak Usurbilgo Txiriboga eta Bordatxo tabernetan daude salgai (18 eurotan) eta botapunttuba@gmail.com-en ere bai. Posta elektroniko helbidean argibideak eman eta proposamenak onartzen dira.