“Zortzi mila metroko mendiak igotzeko ez daukat nahiko denbora eta dirurik”

jon-altuna-iza 2011ko aza. 14a, 01:00
Gonzalo Zabala herritarrak 7.134 metroko altuera duen Lenin mendia igo du udan. Teknikoki ez da mendi zaila, baina ondo prestatua egotea eskatzen du, batez ere altuera horietako baldintzei eta garaierari berari eusteko. Altuerara ohitu beharrarekin batera, elur-izotzetan trebatua egotea ere eskatzen du. Horiek izan ditu zailtasunik handienak. Zortzi milako mendi batetara joateko denbora eta dirurik ez duela esan eta gainera garaiera horietan mila metro gehiago asko direla aitortu digu Lasarte-Oriako mendizaleak.
Vladimir Ilich Uliánov-en errusiar iraultzaile eta Sobietar Batasuneko lehen agintariaren ohorez jarri zioten Lenin izena 1928an 7.134 metroko mendi-tontorrari. Baina beste izen batzuk ere izan ditu, Chonton izen zaharra, Kaufman, 1871n aurkitu zutenetik 1928ra bitartean eta 2006etik aurrera Abuali Ibn Sina.

Zer moduz Lenin gailurrera igoera eta oro har inguru hartara bidaia?
Ondo, gutxi gorabehera espero genuena. Aurretik bideoetan ikusitakoaren araberakoa.

Ondo prestatu al zenuten aurretik?
Fisikoki, bai, asko prestatu ginen.

Pirinioetara joaten al zara?
Bai, neguan elurretan ibiltzeko prestatzen gara, eta bestela hemen aritzen gara, korrika egin, Andatzara eta Buruntzara igo...

Zer dela eta aukeratu zenuen Lenin gailurra?
Aspaldi bota genion begia. Behin Aconcagua igo eta gero, 7.000 metroren mugan gelditzen zara. Eta Lenin aukeratu genuen, denborarengatik, hau da, oporretan izaten ditugun egun kopuruarengatik, eta baita ekonomiarengatik ere. Bidaiaren balioa egoki eta merkeenetarikoa da, eta 7.000 metroko mendien artean errazenetarikoa ere bada.

Eta berez ba al du ezaugarri erakargarririk?
Bidaia bera oso ederra da, gozamena. Herrialde berri bat da, lehen Errusia edo Sobietar Batasunako izandakoa, oso pobrea, baina oso autentikoa ere bai; oraindik, batere esplotatu gabekoa.

Sobiertar Batasuna zen, baina ez dago Europan, ezta?
Ez, Asian dago. Txinarekin muga egiten du ekialdetik.

Tayikistan, Kirguistan... Oso arrotzak iruditzen zaizkigu, oso urrutikoak...
Afganistan ezagutzen dugu, ezta? Ba juxtu bere gainean, iparraldean dago Tadyikistan eta gorago Kirguistan. Hain juxtu, Kirguistaneko aireportuaren ehuneko 80a, Yankien aire-basea da. Filmea dirudi, tropak garraiatzeko hainbat hegazkin dabiltza, dena marine-z beteta egoten da. Ez dira beti Afganistanen egoten, jaitsi egiten dira egin beharrekoak egin eta berriro igotzeko.

Lenin gailurraren izena nondik datorkion ba al dakizu?
“Lenin tontorra” izena sobietarren garaian jarri zitzaion; bertakoek Chonton deitzen diote, hori du benetako izena.

Nola oroitzen duzu gailurra eta igoera?
Luzea. Gaina ez da tontor bat, meseta modukoa da eta mugarri bat ez balego ez ginen jabetu ere egingo. Gainera tontor bat baino gehiago daude, eta besteak altuagoak direla dirudi. Engainatu egiten zaitu. Oso luzea da, igo eta igo eta ez da gailurrik ikusten.

Eguraldi txarra izan zenuten gainera...
Bai, haize asko zebilen. Gogorra izan zen, batez ere goizaldeko 3:00etan atera eta goizeko 9:00ak aldera eguzkia jotzen hasi zen arte.
Atera aurretik zalantzan egon ginen. 12:30etan gosaria prestatzen ari ginela haize oso indartsua zebilen; izarrak ikusten zirelako atera ginen, argituko zuela pentsatuz, bestela ez zen itzultzea beste aukerarik. Hotza handia zen, behatzak etengabe mugitzen genituen. Goizeko 9ak arte ez zen egoera aldatu, eguzkia berotzen hasi zen arte.

Beste euskaldun batzuekin joan zinen, ezta?
Bai. Zortzitik erdiak iritsi ginen gailurrera. Laudiotarra izan ezik, beste hirurak elkarrekin egon gara hainbat tokitan, beste espedizio batzuetan: Kilimanjaro, Aconcagua, Elbrus... ondo ezagutzen dugu elkar. Oiartzungoak dira hauek eta entrenatu ere elkarrekin entrenatzen gara. Gainontzekoak Eibar, Irun, Mutriku eta Gasteizkoak ziren. Denak Euskal Herrikoak eta giro oso ona izan dugu.

3:00etan abiatu eta zer ordutan heldu zineten?
Eguerdi aldean: bederatzi ordu eta erdi inguru igotzen eta gero beste bost ordu eta erdi jaisten.

Mendiko materialik erabili zenuten?
Eskalatzekoa II. kanpamenduraino, eta handik aurrera kranpoi eta pioleta. Hotzarentzat arropa asko, krema, betaurrekoak...

GPSa eramaten al duzue?
Xelebre xamarra izan zen gertatu zitzaiguna. Bagenekien behe-lainoa sartzen bazen gaina problematikoa zela, eta hiru lagunek esan zuten eramango zutela. Baina gorantz abiatu ginenean ohartu ginen GPSa eramatekoak zirenak behean, II. Kanpamenduan, gelditu zirela, beraz ezer gabe igo ginen. Horregatik jaitsi ginen segituan.

Segurtasuna ematen al du?
Bai. Batez ere igoeran punturen bat sartu eta erreferentziak izateak laguntzen du jaisterakoan, bada ezpada.

Aurrerapen interesgarria da beraz...
Bai, noski, baina gauza asko eduki behar dira kontutan, ondo funtzionatu dezala, ez zaitezela bateriarik gabe geratu, puntuak finkatzeaz gogoratu behar duzu... Goian gauza askotaz ahazten zara eta.

Beste espediziorik ba al zen?
Asko, batez ere behean. Mendiak berak egiten du bereizketa. Zenbat eta gorago, gutxiago ikusten ziren. Oinarrizko kanpamenduan jende piloa dago, I. kanpamenduan gauza bera, II. kanpamenduan gutxiago eta jada hirugarren kanpamenduan jende gutxi zen. Baina, gora eta behera ibiltzen gara, igo, dendak muntatu, berriro jaitsi eta abar, deskuidatuz gero, denda okupatu egiten zizuten. Okupa asko ziren, uneoro zen iskanbila eta zalapartaren bat.

Okupak?
Bai ezer gabe igotzen dira, dendak jarrita egongo direla pentsatzen dute... Oso zabaldua dago hori Himalaian.

Oro har nolako harremana sortzen da beste espedizioekin?
Oro har oso ondo, horrelako gertaera edota gorabeheraren bat izan ezik. Normalean joan egiten dira, besterik gabe, baina badaude mutur handia dutenak ere, kontra egiten dizute, eztabaidatu eta liskartu egiten dira. Orduan kontua estutu egiten da, baina normalean oso ondo.

Egiten dira adiskideak beraz?
Bai. Bitxia da, baina haraino joan eta esaterako ataundar batzuekin elkartzen zara. Arazo bat izan zuten, haizeak denda bat eraman zien, materialik gabe geratu ziren, eskuzorroak falta zituzten eta gailurrera abiatu ez ziren gure lagunek utzi zizkieten. Gerora jakin dut azkenean ez zirela gailurrera iritsi.

Burokrazia lanak zer moduz? Zaila al da baimena lortzea?
Normalean hango agentzia bat kontratatzen da internet bidez eta dena beraiek egiten dute, bidai agentziek bezala. Haraino bidaia antolatu eta ordaindu, ez daukazu besterik egin beharrik. Aireportuan zain izaten dira eta gainerakoa agentziak egiten du: Baimen, denda, gas, janari, ostatu, bertako hegazkin, eta beste dena agentziak eramaten du. Zuk soilik material pertsonala.

Zer da Lenin-en arriskutsuena?
Arriskurik handiena? Batetik, lehen kanpamendutik bigarrenera bitartean diren arrakalak. Goiz pasatzea komeni da izotz gogorra harrapatzeko; ezin da lo hartu.
Eta bestalde, gailurrera igoera. Oso luzea da, ordu asko dira: dendatik gailurrera joan etorria 14 kilometro dira, 6.000 metrotik gora, beraz luzea da, normalean haizea dabil, hotza... beraz, dena elkartzen da. Bestela, teknikoki mendi erraza da.

Badakizu zein hozbero zen?
Zero azpitik 15 gradu; haizea indartsua zen, eta beraz tenperatura-sentsazioa zero azpitik 35-40ºkoa izango zen. Altuera handia da,14 kilometro segidan 6.000-7.000 metrotan eta gainera haizearekin... Asko da, hori da gogorrena. Eta arriskutsua da nahastu egin zaitezkeelako; jaisterakoan, bide okerra hartuta, ederra egin dezakezu.

Altuerara ohitzea beharrezko da, ezta?
Bai, ez dugu arazorik izan.

Zer izan da zirraragarriena?
Oro har, herrialdea harrigarria da. Aintzinako etxebizitza zahar handiak daude hiriburuan; bestela behartsuak dira. Estatutik bizi izan dira beti eta banatu direnean, lehen urtean oso pozik ziren independentziarekin, baina gerora konturatu dira ez dutela ezer, eta haien arbasoek bezala, ganaduari esker irauten dute. Nomadak dira eta bere yurtarekin dabiltza, denda borobil horiekin, alde batetik bestela ganaduarentzat belar bila.
Oso menditsua da, urrutitik ikusten dira mendiak. Harritu egin nintzen ia ez dagoelako arbolarik. Estepa bat da. Berdea eta zuria dira beraz nagusi hegazkinetik begiratuta. Belarra eta elurra. Urrea ere ba omen dago. Hori diote.

Asian egona al zinen?
Ez. Kaukason egon ginen, Errusia hegoaldean Georgiarekin mugan; ez dute antzik.

Orain zortzi milakoren bat egitera joan beharko duzue?
Ez dago ez dirurik, ez denborarik. Gogoa bai, hori da daukaguna. Gainera, mila metro gehiago dira, eta altuera horietan asko da.

Zein izan da zuen bilakaera?
Pirinioetan ibiltzen ginen, gero Kilimanjarora joan ginen mendi erraza zela eta, Xabier Erro, gidarekin, Tximist espedizioko kide ezagunarekin; handik, Aconcaguara, Erro urtero joaten da gabonetan, gutxienez hogei aldiz igota dauka, eta berak berotu gintuen. Alpeetan ere ibili gara, hiruzpalau urtetan Mont Blanc, Cervino... eta ondoren Elbrus-era joan ginen, Europako gailurrik altuenera. Lehen Mont Blanc zela esaten zuten, baina ez. Elbrus polita zela esan ziguten baina ez zitzaidan gehiegi gustatu.

Kilimanjaro, Elbrus, Aconcagua... ez al da erronka polita kontinente bakoitzeko altuena?
Bai, hiru eginak ditugu jada, baina hor dago Everest-a. Antartidako Gibson-era joatea ere pelikula handia da. Punta Arenas, Txileko azken aireportuan, joaterakoan 20 egun eta bueltan hilabete hegazkin baten zain egon zen bat ezagutu nuen. Eguraldiaren menpe zaude han. Denbora eta diru asko behar da horretarako.

Epe motzean planik bai?
Aurtengo udan beste ezer hoberik sortzen ez bada, Alpeetan Mendi Arroxa egin nahi dugu, eta gero Mont Blanc Italiako aldetik, Aita Santuaren bidea deitzen diotenetik. Chamonixetik igota daukat, eta nire lagunak beste bi bide ezberdinetatik ere bai. Aste bete izango da. Eta hemen inguruan jarraituko dugu mendian, Pirinioetan asko gozatzen dugu. Toki asko ditugu ezagutzeko. Aralarren ere bai.

Bidaia garesti atera al zaizue?
Hango agentzia 1.200 euro izan ziren; bidaia, Madrid-Estanbul-Kirguistan eta itzulera, 900 euro, eta gero han tabernarik eta dendarik ez dagoenez, ba asko ez da gastatzen.