Mundialak" kantu taldean ari diren etorkinak hilean behin elkartzen dira herri ezberdinetan euskal abestiak kantatzeko eta hain juxtu azaroaren 20an Landaberri BHI ikastetxean elkartuko dira eguerdiko 12etan. Saio irekia da eta kantua gustuko duen edonor joan daiteke bertara, etorkina izan edo ez, helburua etorkin eta euskaldunak elkar ezagutu, euskaraz jardun eta kantatzea baita, Petra Elser ekimenaren bultzatzaileak adierazi digunez.
Hilero saio bat egingo dute eta herri bakoitzean bertako abesbatza edo kantu taldeek parte hartuko dute. 20an Xumelako kideak izango dira kantu berriak ikasteko entseguan.
"Mundialak" ez da abesbatza, emanaldi publikorik egiteko asmorik ez dutelako, noizean behin kantatzeko elkartzen den taldea baizik“ Elser alemaniar euskaldunak kontatu digunez. Urrian Andoainen egin zen saioan 11 toki ezberdinetako 30 lagun elkartu ziren. Irailaren 4ean, Urretxun eta Zumarragan, burutu zen Iparragirre Kantuz Egunetik abiatu zen egitasmoa. Bertan, Euskal Herri osoko kantu talde ezberdinak bildu ziren.
Etorkinak euskal abestiak ikasten ari dira abenduaren 2an ostiralean Okendon egingo den Mintzodromoan kantatzeko.