Ikastolako Ordezkaritza Organo Gorenaren iritziz, “egoera larri honetan bigarren urtez jarraian ezin dugu segi. Hezkuntza Sailari neurri zehatzak eta bidezkoak eskatzen dizkiogu: epe laburrean bi eraikinetan jantoki bana egitea eta bitartean behin behineko irtenbide duinak ematea”.
Izan ere, Eskola Jangelarik ez duen Gipuzkoako ikastetxe publiko bakarra da Landaberri. “Gure herrian Lehen Hezkuntzako bi ikastetxe publiko daudela eta, gure ikasleek, beste ikastetxekoak ez bezala, Udal Jangelara joan behar dute oraindik ere,” adierazten du ikastolako organo gorenak.
Ez egokia eta garestia
Gainera, “jangela hau, mota honetako bakarra lurralde osoan, Michelingo Kiroldegian kokatua eta oinarrizko baldintzak bete arren, ez dago prestatuta gaur egungo ikasleen kopuruetara ezta adinetara ere. Halaber, Hezkuntza Sailak kudeatzen dituen Eskola Jangeletako baldintzak ere ez ditu betetzen” ohartarazten du.
Udal Jangelaren kokapena zeharo aldrebesa dela eta ikasleak bi egoitzetatik autobusetan bideratu behar izaten dituztela salatzen dute. “Denak ezin ditugu bertaraino eraman, monitoreak Hipodromoko zubian dagoen geltokiraino bila etorri behar izaten dute” azpimarratzen du Landaberriko ordezkarien oharrak.
Era berean, “gure ikasleen familiei, beste eskoletakoei baino garestiago ateratzen zaie gaur egungo jangela, eta, hau gutxi balitz, Udalari ere defizita sortzen dio zerbitzu hau mantentzeak” dio oharrak.
Halaber, Landaberri Ikastolak eskerrak eman nahi dizkio Udalari egin duen ahaleginagatik, baita "Tripontzi" enpresari ere.