Ostiral gauean Kanpezun kantatu zuen Bertxoko sariketako bigarren kanporaketan eta finalerako txartela lortu zuen. Eta larunbat gauean nagusi izan zen I. Udarregi sariketako finalean, eta txapela jantzi zuen.
Jaialdi berezia
Giro polita izan zen arratsalde zein gau osoan zehar Usurbilen, bertako Bota Punttuba bertso eskolak antolatutako jaialdian.
Berezia izan zen bertan sei bertsolari aritu zirelako nor baino nor, hiru "gazte" eta hiru "beterano".
Beteranoen multzoan, Patxi Etxeberria herritarra, "Olaso" eta Luis Otamendi aritu ziren. Gazteen taldean berriz, Ane Labaka, Aitzol Barandiaran eta Maialen Velarde.
Ane Labakak azaldu digunez, beteranoekin kantatu ahal izatea "sekulako esperientzia" izan zen. Hirurak aritu omen ziren "ideiez fresko eta maila onean".
Kantu jira
Afaltzen hasi aurretik, Usurbilgo taberna ezberdinetan zehar ibili ziren kantua eta bertsoa uztartuz. Kantuen doinuak erabiliz, bertsoak osatu behar izan zituzten bertsolariek .
Giro ederrean ibili ziren guztiak afaltzeko ordua iritsi arte. Behin afaria bukatuta, eta kafeak hartzen hasi baino lehen, hainbat kantu herrikoi abestu zituzten afaltzen egon zirenek.
Afalostean, txapelketa
Behin sabelak beteta, mihiari eragiteko ordua iritsi zen eta erritmo bizian aritu ziren sei bertsolariak. Gehienbat umore kutsua izan zuen saioak hasieratik bukaerara arte.
Lan dezente egin behar izan zuten larunbat gaueko saioan. Ofizioka aritu behar izan zuten lehenik eta hain juxtu elkarrekin aritu ziren bi lasarteoriatarrak. Patxi Etxeberria langabetua zen eta haren izeba Ane Labaka lan ministroa. Ederki aritu ziren egokitu zitzaizkien paper horietan.
Saioak aurrera egin ahala, afaltzen ari zirenen animoek ere gora egin zuten. Jendea zutik jarri ere egin zen hainbat momentutan.
Puntuka ere ale politak entzun ziren eta aipatzekoa da Patxi Etxeberriak Maialen Velarderekin batera zortziko txikian egindako lana. Biak aritu ziren bikain.
Esperientzia berria
Beterano zein gazteentzat, batzuek besteengandik ikasteko aukera aparta izan zen Usurbilgo saioa.
Ane Labakak aitortu digunez, beteranoekin kantuan aritzea gazteekin aritzea baino "biziagoa" da, erritmo azkarragoa darama saioak eta eskola zaharreko bertsolariek "muinera" jotzen omen dute.
Beteranoen kasuan, Olasok esaterako, mikrofonoarekin harremana berreskuratzeko aukera izan zuen. Sei urte zeramatzan bertsotan aritu gabe eta egia esan, ez zitzaion itzulera batere gaizki joan, entzuleen saria berak jaso baitzuen.
Bertxoko" txapelketa
Ane Labakaren hurrengo erronka Araban egiten den "Bertxoko" sariketako finala izango da.
Lehiaketa honetako saio bakoitzean, hiru bertsolari arabar eta Arabaz kanpoko beste hiru aritzen dira nor baino nor eta Kanpezuko kanporaketan finaleko txartela lortu zuen Anek ostiralean.
Aramaion jokatuko da finala azaroaren 25ean.