14-Abian da kanpaina

Txintxarri Aldizkaria 2011ko azaroaren 14a

Azaroaren 20ko hauteskunde orokorrak direla eta, alderdiak bozkak biltzeko kanpainan dabiltza egunotan herrian zehar. Asteazken goiza aukeratu zuten besteak beste PSE-EE, Ezker Anitza eta Amaiurrek euren programen informazioa herritarren artean banatzeko.
Lehenek ohi bezala, programarekin batera arrosak, goxoki eta Rubalcabaren izena daramaten txapak banatu zituzten herritarren artean. Lan hauetan aritu zen Jesus Zaballos eta Ana Urchueguia alkate ohiak alderdikideekin batera: Zaballosen iritziz herritarrek harrera beroa egin zieten egun horretan eta arrosak hogei minututan bukatzea horren adibide zela azaldu zigun. 24 urtetan alkate izan ondoren egun Txile eta Perun Jaurlaritzaren delegatu den Urchueguia aspaldiko partez agertu zen Lasarte-Orian.
Ezker Anitza-ko kideen kasuan, “demokrazia ala merkatuak” lelopean aurkezten duten hautagaitzaren berri eman zuten herritarren artean.
Amaiur koalizioko kideak berriz, Pablo Barrio alkatea tartean, herrian ostiraleko ekitaldi politikoaren berri eman nahi izan zuten eta horretaz gain, besteen antzera euren programa banatzen jardun ziren.
Ostiralean Okendon egindako ekitaldian, Xabier Mikel Errekondo Gipuzkoako zerrendetan hautagai denak hartu zuen hitza. Azaroaren 20an hautestontziak Amaiurren botuz “lehertzera” gonbidatu zituen bertaratuak eta azken txanpari gogoz eusteko.
EAJ berriz, larunbat arratsaldean gozoki eta puzgarriak banatzen aritu zen herrian zehar. Lore Leanizbarrutia Senaturako gipuzkoako hautagaiak herritarrekin solasteko aukera izan zuen.
Oro har ez da kanpaina hemen bukatuko, asteazkenean berriz azoka ordutan bertan egoteko asmoa dutela azaldu zuten zenbait alderdik. Izan ere, oso garrantzitsutzat jotzen dute herritarrek euren programan jasotzen diren ideia nagusiak ezagututa bozka “arduraz” ematea.