Hauteskundeak

unai-munoa 2011ko azaroaren 18a

Independentzia aldarrikatzen diogun estatu baten hauteskundetan parte hartzea kontraesan bat bada ere, gurean eragiten duelako aurkezten gara gureak ez diren bozketara. Aro berri baten atarian gaudela begi bistakoa da, eta aukera ezin hobea dugu Madrila eramateko gure ahotsa.
Ilegalizazio garaiak iraganeko kontuak izan behar dute, eta ez dezagun ahaztu, oraindik orain, Sortu legez kanpo dagoela. Estatu demokratiko batean bizi garen seinale. Aukera bikaina dugu, talka armatuaren gainditzeak gatazka ez duela konponduko agerian uzteko, iraganeko sufrimenduak aitortu eta enpatizatzeko, kolorez zipriztindutako herri euskaldun bat eraikitzen jarraitzeko, herriari hitza emateko… Azken urteetako bidean karga astuna daramagu bizkar gainean, malko putzutan igeri iritsi gara koiuntura berrietara. Eragindako zein jasandako mina erreparatzea ezinezkoa da, baina errekonozimendua ezinbestekoa, eta arazoaren muinera jo beharko dugu benetako normalizazio politiko eta soziala lortuko badugu.
Bestalde, egoera ekonomiko larria ari gara bizitzen, eta gogorrena heltzeko dagoela esaten duenik ere bada. Berriro ere, handi-mandien hanka sartzeak langileok ordaindu beharko ditugu, eta hainbeste odol tanta isuri dituen borrokaren ondorioz lortutakoak kolokan daude. Herri xeheak bazterrak nahasi behar ditu eta agintari politiko zein jauntxoei aurre egin. Beti bezala etorkizuna gure esku dago, soilik gure esku.
Nire lagun on batzuen alabak Amaiur izena du. Begirada zintzoduna, jolastia, ameslaria, bizia, koloretsua, alaia, sortzailea… da.