Gdeim Izik kanpamendua gogoan

Txintxarri 2011ko azaroaren 18a

Urriaren 10a egun beltza izan da eta izango da beti Sahara herria maite dugunontzat. Marokoar armadak Gdeim Izik kanpamenduen kontrako erasoa egin zuenetik urte bete pasa da. Egun latz hori eta jarraian etorriko zirenetan, gure anai arrebek pairatutako sufrimendua, beldurra eta frustrazioa ezin dugu ahaztu. Guk, gure herritik amorruz eta beldurrez, sufrimenduz eta frustrazioz bizi izan genuen. Ezerez egin ahal ezin duenaren inpotentziaren seinale. Eta bai, urtebete igaro da eta zoritxarrez ez da ezertxo ere aldatu. Sahara herriaren heriotza, sufrimendua, mina eta frustrazioarengaitik malkoak isurtzen jarraitzen dugu.
Pasa den larunbatean, Madrilen, estatu mailako manifestazioa ospatu zen, lagun zaharrak ikusi, agurtu eta aldarrikapenerako egun handia izan zen ( nahiz eta hainbat politikariri egun hau haien hauteskunde kanpainarako abaguneaz baliatuko diren). Zin egiten dizuet aurpegi ezagun asko ikusi zirela bertan). Arren, utzi saharar kausa zuen interesetarako erabiltzeari, ez da zuen kanpainetako iragarpen panfletoa, benetan, entzun eta sentitu iezaiezue eta batez ere, urtetan jasandako bortxaketen ondorioz ubelduz jositako herri hau errespeta ezazue.
Yal-lah Gazte Ekimen-eko kideok ez dugu Nayem (Marokiar poliziak eraildako gaztea) ahaztuko, ezta bere familia ere, hemendik, gure maitasun eta besarkadarik beroena. Ez dugu ahaztuko ere kanpamendua eraso zutenean torturak, irainak eta bortxaketak jasan behar izan zituzten pertsonak. Gogoan ditugu ere, desagertutakoak, kartzelan komunikazio gabe sofritzen daudenak (oraindik 20 gazte bertan dihardute). Elkartasun eta informazio eskubidea bermatu nahi zenutenak, Saharar herriarekin bat egitera joan zinetenak, eta zuen lana egitea debekatu zizueten horiek, gure oroimenean zaudete. Beti zuen eskutik joan ginen eta beti joango gara.
Iazko Urrian, Mendebaldeko Sahararen izenaren oihartzuna bazter askotan entzun zen, baino orain, axolagabekeriarekin itzala egin nahi diguzue, ikusezinak garelakoan zaudete, existituko ez bagina bezala. Ba oker zaudete! Hementxe gaude, iskanbila egiten, gure ahotsak altxatzen, itsu diren horiek ikusle bihurtzen eta ahots batzuk mututzen. Estatu Espainolari Giza Eskubideen aldeko sariak banatzeari utz diezaiotela esaten diogu, aurretik aipatutako eskubide horiek bortxatu dituzten herriei armak saltzen jarraitzen baldin badizkiozue. Gutako batzuk Madridera hurbildu ginen, beste batzuk ordea, Euskal Herritik gure berotasuna bidali genizuen, betidanik egin dugun bezala. Elkarrekin gure ahotsak altxatu genituen, Espainiako gobernuari eta Nazioarteko komunitateari zuena den gauza bakarra exijituko diegu: ASKATASUNA.
GORA SAHARA ASKATUTA! SAHARA HURRA!

Birginia Pozo
Yal-lah Gazte Ekimena