Uholdean kaltetuek laguntzak eska ditzakete

Txintxarri Aldizkaria 2011ko azaroaren 18a

Joan den azaroaren 6an izandako uholdeen ondorioz kalteak izan dituzten herritar guztiei jarraitu behar dituzten pausuak azaltzeko bandoa argitaratu eta kalean jarri du Udalak.
Beraz, Udalak jakinarazi du du aseguru-poliza daukatenek lehenbailehen eman beharko liokete parte aseguru-etxeari, eskura daukaten eta jasandako kalteak deduzitzeko balioa izan dezakeen dokumentazio guztia berekin eramanez.
Bandoan Udalak azaltzen duenez, kasu honetan interesgarria litzateke kaltetuak aseguruen kontsorzioarekin egin beharreko tramite guztiak aseguru-etxeak egingo dituela ziurtatzea.
Bestalde, halako polizarik ez daukatenek ahal duten dokumentazio gehiena bildu behar dute, izandako kaltea aztertzeko modua emango dutenak. Izan ere, laguntzen onuradun izateko, dokumentu hauek administrazio ezberdinek onartu beharko baitituzte.

Bulegoa

Honetz gain, Udaletxean bertan kaltetuentzako bulego bat ireki dela gogorarazten da Udalaren bandoan.
Bulegoa Udaletxeko idazkaritza atalean dago, lehenengo solairuan. Udaletxera hurbildu ezin direnek 943 376 185 telefono zenbakira deitu behar dute.
Hala ere, Udaletik jakinarazten dutenez, komeni da herritar guztiek izan dituzten kalteen gutxi gorabeherako balorazio bat emateko bulegora gerturatzea.
Ordezkariek azaldu dutenez, datu horiek guztiak Foru Aldundiari helaraziko zaizkio. Helburua administrazio guztiek kalteen zenbatekoa aintzat hartuta, kaltetuei laguntzeko bideak ireki ditzaten da.
Era berean, Udaletxeko bulegoan interesatuei kasu bakoitzean 307/2005 errege-dekretuak, hondamendien kasuan estatuak diru-laguntzak ematea aurreikusten duenak norainoko helmena izan lezakeen azalduko dute.