Azken bozken bila

Txintxarri Aldizkaria 2011ko azaroaren 18a

Estatuko Gobernua aukeratzeko, igandean, azaroaren 20an, egingo diren hauteskundeetarako bozkak lortzeko azken ahaleginetan dabiltza alderdi desberdinak, jada, bihar hausnarketa eguna izango baita.
Asteazkenean, PSE-EEko Kongresurako zerrendaburua den Odon Elorza eta Susana Corcuera Gipuzkoa Udal politikako idazkaria egon ziren Lasarte-Oria alderdi kideekin merkatuan larrosak banatzen.
Gaur, ostera, Amaiurren txanda izango da. Horretarako afari merienda ospatuko du Okendon, 19:00etatik aurrera. Taloak eta musika izango dira nagusi.

Amaiurren alde

Bestalde, Ezker Batuko kide ohiek batzuek, esaterako Ricardo Ortegak eta CCOO Jesus Uzkudunek sortu duten Erabaki taldeak botoa Amaiurri emateko eskatu du.
Ohar batean adierazten dutenez, “ez dago abstenitzerik, edo inongo aukerarik gabeko kandidaturei bozkatzerik. Ezkerreko botoa, independentista zein federalista, Amaiurren inguruan bildu behar da”. Euskal Herria nazio gisa aitortzeko, erabakitzeko eskubidea onartzeko, eta krisiaren zein langileen eskubide murrizketen aurrean, bestelako gizarte eredu alternatiboa aldarrikatzen duela azpimarratzen dute.