Konposta gunea martxan da Zabaletan

jon-altuna-iza 2011ko aza. 18a, 01:00
Zabaleta auzoko hamar familia hasiak dira bertan jarri duten auzo-konpostegian etxeko hondakin organikoak, belar, orbel eta landare hondarrekin nahastuz konposta egiten. Auzolanean prestatu duten Konposta gunean momentuz hamar kutxa jarri dituzte; gainetik bete, bi osagai horiek ondo nahastu eta hilabete batzuek barru azpitik ongarria aterako dute baratza edo lorategietan erabiltzeko. Etxean tokirik ez duten auzotar hauek ez dira auzoan konposta egiten duten bakarrak; beste batzuek euren ortu edo etxeko lorategietan egiten dute.
Hondakin organikoa bereizi eta horrekin konposta egitea egokia dela pentsatu baina etxean toki aproposik ez duten zabaletar batzuk elkartu eta denek batera egiteko lekua prestatu dute auzoan. "Sistema honetan sinesten dugu, leku bat behar genuen, zabaldu dugu eta egiten ari gara" esan digute konposta egiten ari diren Txanpi Baztarrikak eta Joxan Iparragirrek.
Udalaren sail bat erabiltzeko baimena eskatu dute, eta auzo-konpostegi bat martxan jarri. Guztira, konposta egiteko hamar kutxa jarri dituzte auzoko zelai batean, eta erdiek jada badute erabiltzailea: bost jada betetzen ari dira, bakoitza bi familiek, eta beste bost daude erabiltzeko prest. Hauek ere okupatu eta auzotar gehiago euren etxeko hondakin organikoarekin konposta egiten hasi ahala beste 15 kutxa jartzeko asmoa dute.
Auzolanean prestatu dute lekua. Ondoko etxolan konposta egiteko beharrezkoa den beste osagaia gordetzen dute, belar eta orbela alegia eta kutxen ingurua hesi batekin itxi dute.

Pixkanaka zabalduz

Duela urte bete hitzaldi-ikastaro bat jaso zuten Zabaletan bertan 20 bat auzotarrek bi adituen ahotik. Tailer horretan hondakin organikoa ongarri bihurtzeko prozesuaren nondik norakoak ezagutu eta udan jarri dute asmo hura martxan.
Oraindik ikasten eta praktikatzen ari dira, Txanpik kontatu digunez: "udan hasi ginen eta pixkanaka zabaltzen joango da. Parte hartu nahi duenak giltza izango du, materiala eta kutxa horietako bat erabiltzeko aukera eta azken finean auzolanean funtzionatzen duen taldeko kide izatekoa".
Auzotarrak behar dutenean hurbiltzen dira konposta gunera. Maiztasuna aldakorra da, batzuek egunero, besteak bi egunetik behin, norberak nahi duenean. Bestela autokonpostatze prozesua ez da zaila, garrantzitsuak diren lau arau kontutan izanez gero: leku egokian eta lurrarekin kontaktuan kokatzea, materia heze eta lehorra bolumen berdintsuan botatzea, ondo nahastea eta hezetasuna kontrolatzea.

Bakoitzak bere erara

Joxan Iparragirrek kontatu digu konposta egiterakoan bakoitzak bere moduak dituela: "sibaritak ere badaude, batzuk sukaldatutako hondakinik ez dute erabiltzen, edo ontzeko zailagoak direnak aurrez txikitu egiten dituzte".
Kutxek azpian lurra dute, goitik hondakinak botatzen dira, tarteka nahastu edo irauli eta egin ahala azpitik konposta aterako dute hilabete batzuen ondoren "ongarri bezala erabiltzeko". Horrela etengabe lekua egingo zaio berriro hondakin organikoa botatzeko. Dena den, "beteko balitz beste bat hartu eta kitto" esan digute.