Gasteiz eta Lasarte-Orian Michelin multinazionalak dituen enpresetako langileek ordu beteko lanuzteak egingo dituzte asteazkenero, azaroaren 16, 23 eta 30ean hitzarmen txukun baten alde.
Asteartean arratsaldean, 14:00-15:00ak artean Lasarte-Oriako lantegi kanpokaldean elkartu ziren hainbat langile "hitzarmen justu eta arrazoizko baten alde" pankartarekin bat eginez.
LAB sindikatuko ordezkarien ustez "multinazional frantsesaren zuzendaritzatik egin den lan hitzarmen eskaintza lotsagarria da. Oraindik eta gehiago kontuan hartzen badugu Michelinek duen estatuko filialak azken urteetan lortu dituen irabaziak (192 milioi euro 2010. urtean eta 2011.an emaitzak hobetzeko bidean)".
Langileen ordezkaritzak aho batez baztertu du enpresaren zuzendaritzak egindako azken eskaintza hori eta zera eskatzen dute langileek: Soldata izoztea 2011an eta 2012an, %1,5eko igoera 2013an eta 2014an, eta lanaldia dagoenean uztea. Epe luzerako hitzarmena lortu nahi dute sindikatuek, arlo sozialean hobekuntza txikiren batzuekin batera.
LABeko ordezkariek adierazi dutenez, mobilizazioak handiagoak izango dira ordu beteko lehenengo lan uzte hauek ez baldin badute negoziaketa blokeo egoeratik ateratzeko balio, hau da, enpresako zuzendaritzaren aldetik erantzun bat eta jarrera aldaketa eskatzen ari dira protestaldien bidez.