%1,7ko igoera izango dute zergek

Txintxarri Aldizkaria 2011ko azaroaren 18a

Lehengo ostiralean, azaroaren 8an, Udalbatzarrak 2012 urteko ordenantzak, hau da, herritarrek, enpresek eta komertzioek ordaindu beharko dituzten zerga, tasa eta tarifak onartu zituzten.
Batzarrean Estitxu Alkorta Ogasun batzordeko arduradunak azaldu zuenez, “prezio publikoak lasarteoriatarren eskura mantentzeko hurrengo urteko KPI baino gutxiago igo ditugu, %1,7a”.
Ordenantzen proiektua errekurtsoak eta 2012 urtekoak konpromiso ekonomikoak aztertu ostean egindako txosten baten ondorio direla jakin arazi zuen. “Aurreikuspen horiek herstura eta zuhurtziaz eginak dira eta 2012. urtea aurrezki netoarekin amaitzeko helburuarekin”.
Izan ere, Nerea Sanchez alkate ordeak azaldu zuenez, “eraikin berriak egin dira urte hauetan, Udaletxe berria esate baterako. Horiek mantentzeko eta zerbitzu berriak sortzeko dirua behar da”.

Komertzioa lagundu

Zehazki azalduta, IBIari dagokionez, aldaketa txikia egongo da, katastrokoa baino gehiago izango da eta erabiliko diren tipoak berdinak izango dira, bai industri, bai etxebizitza, bai landa eremuetan.
Jarduera ekonomikoen zerga mantentzen da. Era berean, gune publikoak okupatzeagatik ezartzen den tasa, kafetegietako terrazak esate baterako, mantenduko da, baita jarduera ekonomikoekin zer ikusia duten ekintzek ere. Helburua herriko komertzio sustatzea da. Ura eta estolderiako tasak ere ez dira aldatuko.
Bestalde, eskualdatze zerga, lizentzia urbanistikoak eta eraikuntza zergak %1,7ko igoera izango dute.
Zaborrarekin zer ikusia duten zerbitzuak ere igoera bera izango dute.
Udalak eskaintzen dituen beste zerbitzuengatiko tasa edo prezioak jangela, haurreskola, kultur etxea, kiroldegia eta kirol instalakuntzak, gizarte zerbitzuak, salbuespenak izan ezik, %1,7ko igoera izango dute.

Ibilgailuek tasa ezberdinak

Honetaz gain, ibilgailuen zergaren aldaketarekin Udalak %2,67 gehiago biltzea espero duela jakin arazi zuten.
Eta nekazariak laguntzeko asmotan, nekazaritzarako erabiltzen diren ibilgailuei ez diete tipoa igoko.
Bestelako ibilgailuei dagokienez, potentzia txikikoek %1,7 gehiago ordaindu beharko dute eta potentzia handikoek, berriz, KPI baino gehiagoko igoera, %5, %7,5 eta %10 hurrenez hurren.

Zor ordainketak

Bestalde, ordenantzetan zatika ordaintzeko irizpide berriak onartu ziren.
Beraz, 2012 urtean, 150 eta 400 euro arteko zorra duten herritarrek hiru hilabeteko atzerapena eskatu ahal izango dute; 400 euro eta 3.000 euro arteko zorrek, aldiz, urte bete.
Era berean, atzerapen honengatik kopuruari interesik ez zaio gehituko.

Albiste txarra

PPko Vanessa Velezek batzarrean adierazi zuenez, “ordenantza hauen onespena, berri txarra da egoera txarrean dauden familientzat, haien egoera larritzen duelako”.
Eta errealitaterekin zer ikusia duten proposamenak egin beharko liratekeela azpimarratu zuen, “zergak mantendu behar dira fiskalitateak herritarrei lagundu ahal dielako”.
Era berean, “lehenengo beharra lana sortzea da” ohartarazi zuen.

Aldaketak eta aurrekontuak

Udalbatzarraren ostean, Bildu, EAJ eta LOHPko ordezkariek zergei buruzko prentsaurrekoa eskaini zuten.
Honetan, teknikoen proposamena aurkeztu zirela azpimarratu eta hurrengo urterako kudeaketa sistema berria egitea espero dutela jakin arazi zuten, “estolderia eta uraren zergan eta zabor tasan aldaketak egin nahi ditugu”.
Bestalde, aurrekontuetan lanean daudela aipatu zuten, “eguneratuak eta errealitatearekin bat datozenak”.
Azkenik, hurrengo urtean, aurrekontuak egiterakoan herritarrek parte hartzea nahi dutela jakin arazi zuten, “aurten ez dugu denborarik izan”.