20-Biba bibrazioak!

Txintxarri Aldizkaria 2011ko azaroaren 20a

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen “Mari Kalanbre” kantua lagun, lip dub animatua egin zuten herriko gazteek. Kolorea eta umore ona izan ziren goizeko protagonista nagusiak. Okendo plaza jendez bete zen herriko txikienen emanaldia ikusteko, denetarik egon baitzen gaztetxoen emanaldian, irria, dantza, kolorea, musika... Baita bibrazioak ere, kantuak dioen bezala.

Kuadrillategi eta Gazteklubeko gazteek azaroaren 5ean zuten lip dub-a grabatzeko asmoa, baina bertan behera utzi behar izan zuten eguraldi txarra tarteko, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailak asteburu horretarako larrialdi laranja ezarri zuelako.
Oraingo honetan ordea, eguraldi onarekin egin ahal izan zuten hainbeste desiratutako lip dub-a. Duela bi asteko euri jasak eta laino grisak ahaztuta zeuden jada, eguzkia eta kolorea ziren jaun eta jabe atzokoan.
Bizkarreko tentsioak gogoz askatu zituen batek baino gehiagok igandeko lip dub-ean. Hiru aldiz grabatu zuten koreografia osoa, ostean planorik onenak aukeratu eta “Mari Kalanbre” kantuaz lagunduta, bideo polit bat osatzeko.
Begiraleek ere primeran pasa zuten, umeek adina ia. Txikienei nola jokatu behar zuten esan eta dena ondo atera zedin saiatu ziren uneoro.
Okendo ingurutik igarotzen zirenek kuriositatez begiratzen zuten plazara, bertan gertatzen ari zenari azalpena eman nahian edo.
Antolatzaileak gustura
Antolatzaileek ekimenaren balorazio ona egin zuten eta gustura geratu ziren gazteek emandako erantzunarekin.