Ostiral goiza da, gaur hauteskunde lotsagarri batzuen kanpainaren azken eguna da.
Irabazle eta ez hain irabazleak izango dira, galtzailerik sekula ez bai da. Lotsagarria diot, azken hauteskundeetan bigarren indarra izan denari egin zaion intoxikazio, ezkutatze eta poliziaren presioa dela eta. Amaiurren guda izan zela ezkutatu dute historiako liburuetatik, ordea Amaiurren ez zuten herri honekin amaitzerik lortu.
Baina hauteskundez harago begiratu nahi dut. Euskal Herrian aste honetan gertatuak bultzatu nau idaztera, lehertuko nintzen bestela. Herriko presoek espetxean jarraitzen dute, ez da beraien egoera askorik aldatu. 1000 kilometro harago dauden espetxeetan dira, aurrez aurrekoak ukatuak, senideei ukituak eta okerrena, badirudiela hau konpondu dela, normaltasunean bizi garela. Presoak lehen lerrotik ezabatu dituzte, egoeraren ikuspegi positiboa saldu nahian errealitatea ezkutatze bidean gaude eta noski herri honetan jende askok sofritzen jarraitzen du. Zoritxarrez presoak kalean ikusteko denbora asko falta, gure esku dago ordea hori lehen bai lehen gerta dadin.
Aste honetan ere lau torturatzaile absolbitu ditu espainiar auzitegiak, herritarrak jipoitzea doako praktika bilakatu dute berriro ere. Bitartean Euskal Herriko errepideak kolore guztietako polizien kontrolez beterik jarraitzen dute. Armada ere ez da geldirik.
Donostiako 15 gazte berriro ere sei urteko espetxe zigorrarekin kondenatu dituzte. Gazte militante, gazte sortzaile, gazte iraultzailea eta gazte izate bera ere kondenatu nahi izan dute. Gazteak lokartuak, 18 urteko zaharrak nahi dituzte. Baina gure gazteriak bizirik iraun behar du, gu guztion altxorra da, zahar, heldu eta gazte defenda dezagun gure gazteri bizia.
Josu Espartza estatu jakobinoak, indarkeriaren erregimenaren esku uztea onartu dute toga beltzeko oilaskoek. Josu, ezkutaturik da, Euskal Herrian aske eta lasai bizitzeko eskubiderik gabe. Eta zergatia? Nafarroatik Euskal Herriari begirako politika egiteagatik.
Eta ildo bereko beste hainbat notizia izan ditugu aste honetan. Argi dago, bi inperioak, Libia bonbez josi duten berberek eta sionismoaren lagunek, erreskatea behar dute. Ez ekonomikoa, demokratikoa baizik. ETAren meniaren aurrean, errepresioa mantendu eta areagotu dute. Gatazkaren amaiera ospatzeari ekin diote, poltsikoetan biolentziaren erabileraren monopolioa duten bitartean. Gizartea lokartu nahi dute, eta arriskua hor da.
Momentu honetan, Lasarte-Oriako PSEko militanteak datozkit burura. Jesus Zaballos eta koadrila. Gerra maite duzue? Gerrara ohitu zarete? Bizkartzainen abstinentzia sindromea duzue? Hori horrela bada, joan zaitezte Moncloako belardietan Raxoi eta enparauekin gerretara jolastera eta eraman itzazue gizon emakume armatu guztiak zuokin batera. Baina utzi guri bakean, ez jolastu sentimenekin. Eta bakean bizitzeko benetako gogoa baduzue esan zuen nagusiei aukeratu dezaten, konponbide demokratikoa ala errepresioa. Gatazka politikoaren aurrean, orain arte bezala txotxongilo izaten jarraitu behar ote duzue?
Guk gure bidea egin beharra dugu, eguneroko lana, kalean, etxean, lantegi eta eskoletan. Auzoz auzo, atez ate, bihotzarekin eta buruarekin. Bakea nahi dugu, erabakitze eskubidea behar dugu. Herri honek beti jakin izan du aurrera egiten, baina lan asko dago egiteko, hau hasi besterik ez da egin, haizea alde dugu ordea eta hori jakinda bildu gaitezen.
Honela besarkada eta animoak, zalantzarik gabe Euskal Herriaren alde lanean ibili diren eta dabiltzan guztiei, espetxeetako lagun guztiei, bai eta senide eta lagunei. Geurea dek/n garaipena.
Beñat Iriondo