“Bereziki esanguratsua izan da adibidez Dardo txapelketarekin gertatutakoa” Pili Bermejo begiralearen ustetan. Dagoeneko seigarren aldiz antolatu dute txapelketa. Bertan 15 bikote lehiatzen dira eta hauek osatzeko, Jalguneko kideak herriko lagun banakin elkartzen dituzte begiraleak.
Txapelketa prestatzearen aitzakiarekin, Jalguneko kide batzuk euren artean geratzen dira tabernan dardotan jokatzeko. Han txapelketa honetan parte hartzen duten gazteekin egiten dute topo normalean eta elkarrekin ibiltzen dira jolasten. “Integraziorako bidean poliki-poliki goaz baina pauso garrantzitsu eta sendoak ematen. Hau da horren adibide”.
Esperientzia berriak
Aurten urteurrenerako antolatutako jarduera berezien artean, azpimarratzekoak izan dira Lip Dub-a eta Jalguneko kantaren grabaketa. Biak izan dira taldearentzat esperientzia berriak, lehenengoan 150 pertsona biltzea lortu zuten “ez genuen hainbesteko arrakastarik espero” honetan gurasoen inplikazioa aipatzekoa izan zen. Begiraleen ustetan, haiek Lip Dub-aren oso parte sentitu ziren eta asko mugitu ziren bere lagun eta bizilagunak gurekin parte hartzeko animatzen. “Oso polita izan zen ekintza baterako hainbeste jende koordinatzea, gazteentzat oso pozgarria izan zen euren inguruan lagun koadrila hori ikustea eta emaitza ezin hobea lortu genuen”.
Bestetik kanta grabatzea ere esperientzia “berri eta zirraragarria” gertatu zen, '20 minutu' taldearekin batera egin zuten grabaketa eta gustura geratu ziren gazte eta begiraleak erakutsitako mailarekin.
Errezeta dvd-a izan da guztiz osatu gabe geratu den proiektu bakarra baina 2012an egingo dutela ziurtatu dute. Herriko elkarte gastronomikoen laguntza izan dute hau grabatzeko eta erantzuna oso ona izan da baina denbora faltagatik ezin izan dira errezeta guztiak garaiz grabatu, zortzi egin dira baina ez asmoa ziren hamasei errezetak. “Datorren urteko ekintza izango da, egingo dugu, proiektua ez da osatu gabe geratuko”.
Urteurreneko ekintza bereziak egiteaz aparte, ohikoak ere egin dituzte, esaterako asteburu pasak eta “baita beste elkarteek proposatutakoak ere”, izan ere, besteak beste, Semblante Andaluz edo Pirritx eta Porrotx gonbitea egin zieten beraien festa eta Lip Dub-ean parte hartzeko eta hor egon ziren Jalgunekoak. Azkenean, hogei ekintza baino askoz gehiago egin dituzte aurtengoan, agenda beteta izan dute hilabeteotan eta urtea oraindik ez da amaitu.
Gurasoen inplikazioa urte hauetako ibilbidean guztiz garrantzitsua izan da. Euren indarrak batu zituzten seme-alabek aisialdirako taldea izan zezaten, euren ametsa zen eta hau dela eta ekintzetan ez dira gurasoak aparte uzten. “Hala ere, beraien parte hartzea oso garrantzitsua izan arren, kasu batzuetan badira ekintzak begiraleak bakarrik gazteekin egiten ditugunak. Autonomoak izan behar direlako eta gurasoen laguntza gabe gauzak ondo egiteko guztiz kapazak direla ikusi behar dutelako”.
Lotsagabeak
Pertsonalki ibilbide honetan gazteen aurrerapenak bereziki esanguratsuak izan dira. Hasieran lotsati azaltzen ziren jende aurreko ekintzetan baina dagoeneko lotsa guztia galdu eta eszenatokian etxean bezain eroso sentitzen dira. Gainera ekintzak eurak eginda, aurrera ateratakoak direla azpimarratu nahi dute begiraleek “momentu jakin batzuetan laguntza emateko gaude baina beraiek dira guzti hauen antolatzaile eta protagonistak. Ez-gai etiketa hori aspaldi kendu zutela erakusten ari dira egunez egun, ekintzaz ekintza. Hori da ospakizun guzti honen balorazioa”.
Beraien arteko harremanetan aldaketa handia egin dutela somatzen dute beraiekin egoten diren begirale eta lagunak eta besteekiko irekiagoak dira orain. Konfidantza hartu dute bere gaitasunengan eta jabetu dira ondo egiten duten lanaz. Gaitasun gehiago izateko ahaleginak egiten dituzte eta hori oso baloragarria da.
Jaialdia larunbatean
Gaurtik aurrera hamaika bertute bezala, hamaika tabernatan jarritako argazki erakusketa dago ikusgai aste betez: Jalgi, Trumoi, Dakara, Buenetxea, Hirualdeta, Aben, Iñaki, Corbatas, Also, Intsausti eta Kultur etxean izango dira Jalgunekoen argazkiak.
Azaroaren 24ean, euskaltegiko ikasleekin elkar ekintza bat egingo dute eta 26an jaialdi handia izango da kultur etxean 18:30ean.
Honek beste urtetako planteamendua izango du baina aurtengo leloan oinarrituta eta iazko parte hartzea izatea espero dute antolatzaileek. Talde bezala Semblante Andaluz eta Taupada batukada egongo dira bertan eta ‘indibidualki’ ehun partaide inguru. Herritarrak bertara gerturatzeko animatzen dituzte Jalgunekoak “sarrera irekia da eta ondo pasatuko dutela ziurtatu daiteke”. Gonbidapenak www.lasarteoriasarean.eu-n eskura daitezke.
Bazkaria laguntzaileekin
Gainera ospakizunak ez dira jaialdiarekin amaituko, abenduaren 3an bazkaria egingo dute Goiegi jatetxean Jalgunekoak, gazteak, begiraleak, familiak eta urte guztitan beti laguntzeko prest egon diren lagunekin. Bazkariaren ostean, dantzaldia egingo dute Villa Mirentxun 17:00etatik 20:00etara eta hemen Dj bat egongo da festa girotzen. Honetan ere nahi duenak hartu ahal izango du parte “herritarrak parte hartzea animatzen ditugu, hogei urtetako ibilbidea gurekin ospa dezaten”.
Anbulategi berriko bigarren solairuan biltzen dira Jalgunekoak eta beraiek ezagutu edota egiten dituzten jardueratan parte hartzeko prest daudenak “beti ongi etorriak izango dira”. Facebook sare sozialean aurki daitezke ere Jalgune Elkartea izenarekin, bide horretatik eurekin kontaktuan jarri daiteke informazio gehiago eskatu edo egiten duten guztia hobeto ezagutzeko.