21-“Aurreko urteetan ez bezala gozatu dut”

Nerea Eizagirre 2011ko azaroaren 21a

Udana, Aia, Gorla, Urkiola, Leintz Gatzaga eta Urraki izan dira 2011 urteko Euskal Herriko mendi igoeretako txapelketan egin diren sei probak. Iñaki Racamonde lasarteoriatarrak guztietan parte hartu du 1 klasean eta emaitza paregabeak lortu ditu. Ondorioz, Euskal Herriko txapela eskuratu du hirugarren aldiz eta berarekin egon gara denboraldia nolako izan den jakiteko.

Apirilean hasi zuen denboraldia Iñaki Racamonde herritarrak, Udanako igoerarekin eta sei probaren ostean, Euskal Herriko Mendi Igoeren Txapelketako irabazle izan da bere Citroen AXarekin, “lautan lehenengo izan naiz, beste bietan bigarren eta hirugarren”. Hirugarren urtea da garaikurra etxera ekarriko duena.

Talde lana

Aurtengo denboraldia, primeran joan dela adierazi digu, “autoa ongi ibili da eta ni ere gustura egon naiz. Talde osoak lan ona egin du“.
Gainera, “aurreko urteetan ez bezala, asko gozatu dut kotxearekin. Aurten proba egin eta oso pozik ateratzen nintzen, nahiz eta hirugarren izan”.

1 klasea

Bere mailan 1 klasean “probaren arabera, sei eta zortzi kotxe artean genbiltzan” jakinarazi digu.
“Ez da borroka handirik egon. Hala baina, azken proban Urrakin segundo-hamarren batzuengatik irabazi genuen. Azken txandan erabaki zen”, onartu du.
Azken probarako gainera bazekien bere mailako irabazlea zela, “azkena da, badakizu irabazia duzula, baina berdin saiatzen zara”.
Izan ere, Iñakiren ustez, “Urrakin gozatzen duzu, proba luzeena eta politena da. Bihurgune asko ditu eta eremu azkarrak”.

Krisia

Bestalde, aurten urte arraroa izan dela adierazi digu herriko gidariak. “Antiguako proba bertan behera geratu zen, Zumarragako udalak ezin ziolako gastuari aurre egin. Eta Urraki ia ez da egiten, esate baterako. Krisia nabari da” aipatu du.
“Mundu honetan babesleak izatea komeni da, baina egungo egoerarekin ez da erraza. Diru sarrera gutxi dago, sarrerekin lortzen dena. Eta gastu asko dago, asegurua, antolakuntza, etb. Hurrengo urterako ikusiko da”, jakin arazi du herriko pilotuak.
“Aurten probatan hainbat istripu izan dira eta horrek antolatzaileek gauzak gehiago pentsatzea dakar. Haiek ez dituzte arazoak nahi, aseguru oso garestia da, antolakuntza...” gaineratu du.

Eguraldia eta istripuak

Racamondek adierazi digunez, “urte hasieran Udanan oso egun txarra izan zen guztientzat. Istripuak egon ziren eta harrapatze batzuk. Zain egon behar izan ginen ordu eta piko”.
Eguraldi aldetik ere oso ezegonkorra izan zela aipatu du, “batzuetan euria, besteetan ateri eta gainera beroa egiten zuen. Gurpilak aldatu genituen bi txandak egiteko eta bietan ez genuen egokia jarri. Bigarrenean gainera euria egiten hasi zen eta guztiok lehorrekoak genituen jarriak. Ezin genuen autoa ongi menderatu, nik bezala guztiek. Lasterketa eroa eta arraroa izan zen, guztia alderantziz egiten ari ginen eta”.
Honetaz gain, Urrakin istripu asko egon zirela azpimarratu du, “ez ziren kalte pertsonalak egon, baina autoek kolpe ederra zuten. Arazo mekanikoak ere egon ziren asko. Lehorreko lasterketa izan zen eta ez dakit, parte hartzeko gogoengatik izan zen edo”.
“Gu lehenengoak gara igotzen eta ez duzu arazorik izaten. Potentzia gehiago duten kotxeak dira istripuak izaten dituztenak eta gu goian gaudela jakiten dugu nork izan duen. Gero jaisterakoan ikusten dituzu eta batzuetan, harrigarria da benetan gidariak autoetatik kanpo ikustea,” atxiki du.

2012ko txapelketa

Gauzak honela, hurrengo denboraldiko igoeren egutegiari dagokionez, “urtarrilera arte ez dugu ezer jakingo. Baina aurten Antiguako proba bertan behera geratu zen, Leintz Gatzagakoa ere ez dutela egingo komentatu zuten, Urkiola ez dute egingo ziurrenik,... beraz lau geratzen zaizkigu. Federazioak Urbasako igoera Euskal Herriko txapelketarako puntuagarri egin nahi zuen, baina ez dakigu ezer ziurrik”.
Murrizketak direla ere, 2012 urtean jarraitzeko asmoa duela aurreratu digu, “baina hemen gero eta igoera gutxiago geratzen dira eta kanpora joateko asmoa dut. Errioxa edo Santanderren egiten diren igoerak egingo ditut agian. Aurten ezin izan dut, baina Urbasakoa egin nahi nuen”.
Autoari aldaketarik egingo ez diola ere esan digu, “autoaren esekidura aldatu diogu aurten eta hurrengo urterako dagoen bezala mantendu beharko dugu. Gurpil-azal batzuk lortu beharko dira, baina bestela horrela mantenduko dugu”.
Eta gauzak zail izango dituela ere aurreratu du, “Lasarte-Oriako beste pilotu bat dago Jesus Txus Iglesias, eta ni irabazteko gogo asko ditu. Ni baino hamar urte gutxiago ditu eta auto berdina, Citroen AX. Hori da borroka gehien ematen didana, Bizkaia aldeko beste gidari bat dago ere. Baina atzean utzi dugu. Hurrengo urterako ikusi beharko da zer gertatzen den”.

Eskerrak eman

Azkenik, Iñakik eskerrak eman nahi dizkie txapelketa hau lortzen lagundu dieten babesle, Maite ileapaindegia, Landare karrozeria, Jalai taberna, Lasarte taberna, El Corbatas taberna, Talur Zervice eta manager, argazkilari, mekaniko eta familiari.