Tailer horien artean dira, besteak beste, langabeei Internet bidez lana topatzeko ikastaroak, bideocurriculuma egitekoak, lana bilatzeko tekniken tailerra edo enpleabilitatearena.
Norberak lana topatzeko jarraitu beharreko bidea gidatzeko helburua dute guztiek eta batez ere, gaur egungo lanaren kontzeptua aldatu delako, oso beharrezkoa da langabetuek jarrera proaktiboa izatea, hau da, lana norberak bilatu behar duela eta betirako lana topatzearen zailtasunaz jabetzea “oraindik jende askoren buruan garai bateko kontrato motak daude, erretiroa hartu arteko lanpostuak baina egungo egoera bestelakoa dela ikusi behar da”.
Azpimarragarria da esperientzia baloratzeko orain martxan jarri den programa berria. Honakoa lan zehatz batean urteak emandako jendeari zuzenduta dago eta honen arabera, konpetentzien neurketa bat egiten zaio pertsonari eta hau gaindituta, lan hori egiten dakiela aitortzen duen titulua eskuratu ahal izango luke. “Oso interesgarria izan daiteke pertsona askorentzat eta horregatik programa honen nondik norakoak azaltzeko informazio guztia daukagu hemen”.
Langabetuentzat tresnak
Herrian dauden beharrak ikusita, Lanbidek beste zerbitzu hau martxan jartzea erabaki du langabetuei baliabide gehiago eskaintzeko asmoz. Gorka Lizarraga zinegotziaren hitzetan kultur etxean eskaintzen dena tresna bat gehiago da, “Lanbideko bulegoetan mota honetako tailerrak ez dira antolatzen beraz, beste baliabide hau herritarren eskura jartzea positiboki baloratzen dugu udaletik”.
Lasarte-Oriako gizarte zerbitzuetatik, eskualdeko baliabideak erabiltzera bultzatu nahi ditu herritarrak, beste ikuspegi batetik hasi nahi dute lanean “eskualdeko garapen estruktura bat sortu nahi dugu" baliabideak lortu eta “eskualdeko proiektuak martxan jarri nahi dira, formakuntza eta lana bultzatzeko neurriak hartu nahi ditugu eta hauek nola burutu hausnartzen ari gara herriko gizarte zerbitzuetan” izan ere, langabetu kopurua altua da Lasarte-Orian eta egoera honi nolabaiteko irtenbidea bilatu nahi dio Udalak eskura izan ditzakeen bitarteko guztiekin lan eginez.