22-Genero indarkeria gaitzesteko ekimenak astean zehar

Txintxarri Aldizkaria 2011ko azaroaren 22a

Azaroaren 25an, genero indarkeriaren eguna da. Urtero legez, Lasarte-Oriako Emakumeen Zentro Zibikoak aste honetan hainbat ekintza ezberdin antolatu ditu bere egoitzan herria eta herritarrak emakumeen arazoen inguruan sentsibilizatzeko asmoz.
Gaur, azaroaren 22an, 17:30ean Iciar Bollain zuzendariaren "Amores que matan" film laburra ikusi ahalko da eta ostean, indarkeriaren zikloa eta babesteko estrategiei buruzko hitzaldia eskainiko du Mercedes Humada psikologoak.
Asteazkenean, azaroaren 23an, berriz, zine foruma egingo da. 17:30etatik aurrera, Pedro Almodovarren "La mala educación" filma ikusiko dute Aingeru Mayor sexologoaren laguntzaz.
Ostiralean, genero indarkeriaren egunean, 19:30ean, Emakumeen Zentro Zibikoko antzerki taldeak "Patio de vecinas" lana eskainiko dute Manuel Lekuona kultur etxeko aretoan.
Eta ekitaldiei amaiera emateko, 21:30ak aldera, afaria egongo da Araeta jatetxean. Zentro Zibikotik gogorarazten dute, afarira herriko emakume guztiak daude gonbidatuak. Afariaren prezioa 24 eurotakoa da eta izena eman nahi dutenek Emakumeen Zentro Zibikora hurbildu behar dira, asteazkena, azaroaren 23a baino lehen, eguna hau barne.