23-Mexiko Aitor Atxegaren begiradatik

jon-altuna-iza 2011ko aza. 23a, 01:00
Aitor Atxegak nahiko ondo ezagutzen du Mexiko, senitartekoak ditu, hiru aldiz egon da bertan eta lasarteoriatarrei azaltzen saiatuko da asteazkenean 21:30tik aurrera Jalgi tabernan. Aurten, bikotearekin eta honen gurasoekin joan da, "80 urteko pertsonekin eta noski, ez dut sekula "bidaia" baten aurretik hainbeste ordu erabili prestatzen", ezin zen eta, "nonahi ibili, zoruan lo egin, zernahi hura egin…" Non lo egin, nora jo,... aurrez lotuta izan dute, baina badu zer erakutsirik.
Mexikon ahaideak izateak bertan mugitzeko "erraztasunak" eta "sarbidea" ireki dizkie, baina bestela ere, "herri erakargarria" da Aitor Atxegarentzat. "Euskararen antzera, oso osasuntsua ez den herri bat", baina aldarte onari eusten diona, "alaia, irekia, esker onekoa… Interesgarriak zaizkidan Hego Amerika eta AEB bertatik-bertara dituzte… Eta handia denez beti du zerikusi berriren bat".

Zer erakutsiko diguzu Jalgin?
Mexikoko historia pixka bat azalduko dut harrigarria baitzait Espainiari eta AEBei dieten miresmena lapurtu dieten guztiarekin. Mexikon etengabe usaintzen dira indigenen eta Espainiaren arteko kontuak eta pixka bat kokatzea polita izango da.
Ondoren Mexiko hiriaren handitasuna, kontrasteak, bizitasuna, toki bereziak,... pixka bat azaltzen saiatuko naiz; baita iparraldeko independentziaren eskenatokiak, espainiarrak erakarri zituen meategi lekuak, hiri kolonialak azken batean: Guanajuato, Zacatecas, Hidalgo, San Millan de Allende…
Honekin batera Ozeano Bare edo Pazifiko inguruko eta Acapulcoko pare bat ikuspegi, turismo bortitza eta narkotrafikoa nola dagoen txertatuta; eta bukatzeko Chiapasen ere ibili ginen eta bertako lau zertzelada: oihaneko zenbait irudi, gaur egungo hango gizarteari buruz ekarri ditugun bi ideia, tximinoak, Palenque, Guatemalako muga eta mugako arazoak, Sumideroko Kanoia… kolore berdea erruz!!

Zer moduzko herrialdea da? Zein inguru ezagutzen dituzu, eta zeintzuk dira gomendagarrienak?
Mexiko niretzat batez ere lasaitasuna da. Erritmo geldokoa, baina geratzen ez dena. Herri kantaria, alaia, dantzazalea, umila… Lehen aldiz joan nintzenean Tijuana moduko lekuek erakartzen ninduten, uste dut 21-22 urterekin, AEBtan urte bat pasa eta hilabeterako hara "jaitsi" nintzenean: AEB bertan zeuden, mugek dakarten desmasia, kale giroa… Mexicali, eta gaur egun egoera oso latzean den parajea: Ciudad Juarez eta El Paso inguruetan ibili nintzela. Orduan ez zen noski gaur egungo konturik.
Bigarren bueltan "lasaiago" ibili nintzen Cancun, Huatulco eta Oaxaca inguruetan: eguzkia, golf-a (golfeoa ere noski je je je je)… eta DFn ziento bat museo ikusi nituen.
Gomendatzea zaila da eta erraza aldi berean. Joan aurretik zein aldarte daramazun ondo begiratu. Kultura nahi izatera, DF eta bereziki antropologia museoa (ez dakit zenbat ordu pasa dudan hango pasiloetan aurrera eta atzera). Hispaniarrak iritsi aurreko garaia ezagutzeko sekulako aukera dago Mexiko osoan barrena, eta oso ondo adierazia.
Gorputza dantzan erraz jartzen bazaizu, turismo leku oso espezializatuak daude: Cancun, Acapulco, Huatulco… gure Mediterraneoaren antzekoak ulertzeko.
Berdetik ibili nahi duenak ere badu nahikoa aukera. Guerreros estatutik hasi eta Chiapas Hego-Ekialdea arte, dena, mendia eta oihana da. Horregatik ezkutatu zen hain egoki Marcos Jauna. Krokodiloak ikusi ditugu, tximinoak… Hori bai beroa eta batez ere hezetasuna azalean sofritzeko prest joan.

Historia luzea du, ezta? Indigenak, hizkuntzak,...
Ez nuke esango bereziki historia handirik duenik baina bai jakituria. 1521 urtean espainiarrek konkistatu aurretik "mesoamerika" zen hartan, jakituria deskubritzera ematen zuten eguna. Sekulako matematikariak, astronomoak, eraikitzaileak etab. ziren. Beraien artean gerra edota liskarrak izan zituzten, baina ez ziren kanpora atera konkistara. Horregatik behar bada, historia kontatzen den liburuetan leku gutxi izango du Mexikok.

Zer moduzkoa da hiriburua?
Hiriburua ikaragarria dela saiatuko naiz azaltzen asteazkenean. Zenbakiek beldurra ematen dute, edo askotan ulertezin bihurtzen dira, niretzat behintzat: ia 6 milioi kotxe… 24 milioi pertsonako jarioa egunero, lanera joateko 4 edo 5 ordu autobusez ala trenez, metropolian 40 milioi… urtean 2 milioi ateratzen dira DFtik, eta beste hainbeste joan, Estatu Espainiar osoko datuak ekarri eta ziur asko ez da oso aparte ibiliko. Baina Mexiko DFkoa 50 kilometro karratutan… izugarria da!! Eta gaur egun, orain 10 urte ez bezala oso leku segurua da. Mexikoko leku seguruena, Mexiko hiria omen da gaur egun. Joan eta bisitatu benetan.

Apur bat "mariatxia" bazara zu, ezta?
Hala diote bai. Egon, behatu, topa, kantatu, liluratu, loratu, koplatu… Ez al da polita ba? Inoiz ez dakizu noiz etorriko den inoiz kantatuko duzun abesti onena kantatzeko edo bizitzeko abagune egokiena; zain egon behar da, usainean ehiza-txakurra bezala.
Halere, urteak ez dira alferrik joaten eta garroteak ez daramatza erreboluzio berdinak. Hori bai, oraingo bueltan ere gitarra eta pianoa behin baino gehiagotan dantzatu ditut. Charro batek esan zidan moduan, DNAk agintzen du lehen, gero bihotzak eta burua ere hor dugu noski! Ikusi arte.