23-Euskararen Eguna ospatu egingo du aurten Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2011ko azaroaren 23a

Abenduaren 3an urtero bezala Euskararen Eguna ospatuko da nazioartean eta aurten oihartzun berezia izango du Lasarte-Orian ere, Udalak lehen aldiz parte hartzea eta bultzatzea erabaki baitu. Abenduaren 2an, ostiralean, arratsaldeko 18:00tik 21:00ra Okendon burutuko den Mintzodromoa izango da ekitaldi nagusia. Karpa erraldoi bat jarriko da, eta euskaraz egiteko ohitura dutenak eta horren bila dabiltzanak hiru gairen inguruan mintzatuko dira lau laguneko mahaietan banatuta, ordu laurdenero solaskidez eta gaiz aldatuz.

Solaskide programari esker herriko euskaldun zahar eta berriak elkartu eta euskaraz mintzatzen dira astero. Azken urteotan gero eta partaide gehiago dira bi aldeetan, eta datorren ostiralean eurak izango dira Okendon egingo den Mintzodromoaren oinarria. Azken finean horixe da mintzodromoa, euskaraz egiteko gaitasuna eta ohitura dutenak eta horien ari direnak mahai batean eseri eta gai baten inguruan hizketan jartzea.
Ttakun Kultur Elkartearekin eta euskaltegiekin batera antolatu du Lasarte-Oriako Udalak abenduaren 2an, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan, Mintzodromoa: Okendo plazako karpan lau laguneko mahaiak jarriko dira eta ordu beteko bi txandatan hiru gai ezberdinez arituko dira, ordu laurdenero mahaiz aldatuko baitira, eta beraz, solaskidez eta gaiz ere bai. Gainera, “Mundialak Gara” kantu taldeko eta “Xumela” abesbatzako partaideek hainbat euskal abesti eskainiko dituzte ekitaldiari hasiera eta amaiera emateko eta tartean Mailu Arrutiren “Intxaurretik Mingainera” bakarrizketa ikusteko aukera ere izango da.
“Mundialak gara” taldean etorkinak dihardute euskal abestiak ikasi eta kantatzen, asko Aisa ikastaroen bidez euskara ikasten ari diren etorkinek, eta ostiralean Xumela abesbatzarekin batera kantatuko dute. Aurreko igandean Landaberrin elkartu ziren emanaldia prestatzeko.
Bi txanda, egingo dira gainera, lehenengoa 18:15etan eta 19:30etan bigarrena. Mintzodromo eta Solaskide programaren helburua, euskara ikasten ari direnei eta hitz egiteko ohiturarik ez dutenei euskaraz aritzeko aukera eskaintzea da, ahal bada gustuko dituzten toki eta jardueretan. Abenduaren 2ko Mintzodromora hainbat herritar ezagun gonbidatu dituzte, eta hor izango dira besteak beste, David Martin eta Mikel Unanue kirolariak, Nora Izagirre arropa diseinugilea, Ane Labaka, Unai Muñoa eta Andoni Otamendi bertsolariak, Joxe Kruz Labaka zalea, Pablo Barrio alkatea eta zinegotziak, Maider Segurola kazetaria edota Xabier Andonegi apaiza.
Gonbidapena luzatu zaie herritar guztiei, euskaraz aritzeko ohitura dutenei eta horren bila dabiltzanei, bertan parte har dezaten. Egin beharrekoa sinplea bezain erraza da: mahaiaren inguruan Horretarako, egunean bertan Okendora bertaratzea besterik ez dute egin behar edota nahiago izanez gero aldez aurretik izena ematea, Ttakun Kultur Elkartera (943371448) edo Udaleko euskara zerbitzura (943376184).