23-Landaberriko jantokiarentzat irtenbidea nahi du PSE-Eek

Txintxarri 2011ko azaroaren 23a

Landaberri eskolako guraso eta zuzendaritzak jantokiaren inguruan prentsan idatzitako erreklamazioaz mintzatu da Jesus Zaballos PSE-EEko ordezkaria.

Goizean egindako prentsa aurrekoan Jesus Zaballosek jakitera eman du alkate izandako garaian bai Eusko Jaurlaritzarekin, baita Diputazioarekin gai honen inguruan emandako pausoak. Hasteko, Zaballosen nahia eskola bakoitzak bere jantokia izatea dela azpimarratu du baina horretarako, “bidea egin eta delegazioak iaz planteatutako puntuak onartuta egon beharko lirateke”.

Hezkuntza sailak honako baldintzekin hartuko zuen jantokiaren zerbitzua, Jesus Zaballos alkate zela adostutakoaren arabera:
-Udaletxeak zerbitzua eskaintzen den lokala utziko lioke Hezkuntza sailari.
-Hezkuntza sailak bere gain hartuko lituzke zerbitzuaren koste guztiak.
-Landaberri eskolak kudeatu beharko lituzke jantokiko bonuak, ez kultur etxean orain bezala. Lan hau egiteko pertsona bat aurreikusiko luke Hezkuntza sailak.
-Bonoen prezioa gainontzeko jantokiekin parekatuko litzateke. Orain ordaintzen dena baino nabarmen merkeagoa litzateke zerbitzua gurasoentzat.
-Ikasleen desplazamendua, eskolatik jantokira autobusez egitea ziurtatuko luke.
-Jantokiko begirale kopurua igoko litzake.
-Auzo Lagun enpresak dauka egun jantokiak kudeatzeko eskumena beraz, honek jantokian dauden langileak beregain hartuko lituzke lanean jarrai dezaten.

Baldintza hauek guztiak alkate ohiak eskolako gurasoekin egindako bilera batean azaldu zituela dio, izan ere "zerbitzuak udalari eragiten dion defizita handia dela dakite". Bere aldetik, gurasoek hauekin desadostasunean egoteko euren arrazoi eta kezkak jakitera eman zituzten.

Jantokia eskolan

Gauzak horrela, ikasturtea berdin hasi da eta alkate ohiaren iritziz baldintza horiek guztiak onartu izan balira, aurten dagoeneko horien pean egongo lirateke ikasleak. “Bitartean egungo udal gobernuak eskolan bertan jantokia eraikitzeko presioa egiten beharko luke, ume gehiago sartzen den jantoki aproposa beharrezkoa delako”.

Egun jantokiko plazak oso mugatuak dira eta asko dira itxaron zerrendan dauden ikasleak. Horri irtenbidea emateko eskatzen dute gurasoek, eskolan bertan nahi dute jantokia eta ikasle gehiago hartzeko lekua duena. Bere garaian Hezkuntza sailak ez zuen Garaikoetxean eta Landaberrin jantoki horiek egiteko konpromezua hartu eta hori da gurasoen nahia.

Honetaz gain, egoera berdina Eibarren bizi dela esan du Zaballosek eta hartutako bidea beraiek planteatutakoa izan dela, hau da, eskolan bertan jantokia egin ezin daitekeen bitartean, udalak lokala utzi dio Hezkuntza sailari zerbitzua kudeatu dezan. Presio bidea dela dio Zaballosek.

Hala ere, egungo udal gobernuko ordezkariek bilera izan zuten Gasteizen gai honen inguruan eta ez daki alderdi sozialistak zein bidetan diren negoziazioak “bilera horretan parte hartzeko proposamena egin nion Boris Nogalesi eta beharrezkoa ez zela erantzun zidan. Nire asmoa lankidetza zen, aurretik emandako pausoak ondo ezagutzen ditudalako.”