ETA EZ, ETA NO” leloa zuen pankarta gaur eguerdian kendu dute Udaletxeko balkoitik. Aralarreko ordezkariak eskatu zuen azaroko Udala Batzarrean eta Udalak kentzeko erabakia hartu duela jakinarazi du gaur bertan Pablo Barrio alkateak. PSEk aldiz erabakiarekin ez dagoela konforme adierazi du prentsa ohar baten bidez.
Pablo Barrio alkatearen ustez, “une historikoa bizi dugu Euskal Herrian. ETA erakundeak borroka armatua behin betiko uzteko konpromisoarekin, ziklo politiko berri bati hasiera emateko oinarria sendotu da”. Bere ustez, konfrontazio armatua behin betiko itxi eta bake bidea hartzeko aukera zabaldu da eta “normalizazio politikora bidean eman beharreko” urratsetako bat da Udaletxeko balkoian zintzilikatuta zen pankarta kentzeko erabakia.
Lasarte-Oriako PSE-EEk erabakia errespetatu bai baina ez duela bat egiten adierazi du segituan. Euren ustez, ETAk indarkeria uzteko iragarpena onuragarria bada ere, “bakearen alde urrats gehiago eman behar ditu oraindik” eta bestalde, kexa adierazi dute pankarta kentzeko biktimak omentzeko baino presa handiagoa izan dutelako udal ordezkariek.