Hegan egin

jone-miren-hernandez 2011ko azaroaren 25a

Bere ametsa hegan egitea da. Txoriak, tximeletak, lainoak, hegazkinak…, airean dagoen edozein gauza du gustuko. Etxean denbora asko ematen du lurrean etzanda, buruz gora, sabaiari begira.
Handitan pilotu izan nahi duela dio, zerutik munduari so egiteko, zeruz zeru ibiltzeko.
Bitartean balleta egitea erabaki du. Probatu nahi du noraino irits daitekeen jira eta buelta eginez, salto eginez; ea balletaren arintasunak zerutik gertuago egoten laguntzen dion.
Kultur etxean izena eman du klaseetara joateko. Ume pila bat dago balletean. Denera 50 bat ume dabiltza Iñaki Landa irakaslearekin. Eta kurtsoa hasteko unea iritsi da. Dantza aretoa kultur etxeko azken solairuan dago. Igogailutik atera eta aldagelara iristeko bidea jendez gainezka ageri da. Aldagelan ezin kabitu. Haur eta amen egonezina somatzen da.
Azkenik pilotua izan nahi duen mutikoa prest dago. Gelan sartzera doa laino arrosa batez inguratuta. "Mutil bakarra dago, ez dakit zergatik ez diren gehiago animatzen" --esan dit matrikulak egiteaz arduratzen den neskak. Erantzutera noala, Cristiano Ronaldoren irudia etorri zait burura: izugarrizko saltoa eginez defentsaren gainetik buruz eman dio baloiari eta izugarrizko gola sartu du. "Beno, ereduen kontua izan daiteke" --erantzun dut neke puntu batekin--.