Bihar, azaroak 26 larunbata, Erraustegiaren Aurkako Eguna ospatuko da Usurbilen. Itaya taldeak antolatutako ekimenak Lasarte-Oriako gazteen babesa du. Hauek azaldu dutenez, “Foru Aldundi berriak erraustegiaren aldeko jarrerarik ez duen arren, oraindik ez dago argi zer gertatuko den proiektu honekin”.
Horregatik, “ezinbestekoa da herritarrak kontzientziatzen eta mobilizatzen jarraitzea. Argi geratu dadin herritarrok ez dugula nahi gure lurraldea ekologikoki eta ekonomikoki hipotekatuko duen munstrorik; gure osasuna kaltetuko duena gainera” azpimarratzen dute.
Horretarako aukera ezin hobea da gazteen ustez biharkoa, “goizean burutuko den mendi martxarekin hasi eta gaueko kontzertuekin amaituz”. Izan ere, goizeko 10:45etan, errauste plantako obretara ibilaldia egingo dute Hipodromoko zubitik hasita. Bertan bazkalduko da eta, antolatzaileek azaltzen dutenez, bakoitzak etxetik eraman beharko du janaria.
Arratsaldeko 16:00ak aldera, mahai ingurua izango da Askatasuna plazan eta erraustegiaren inguruko iritzi trukaketa egingo da Zero Zaborren laguntzaz. Eta19:00etatik aurrera kantujirak Usurbilgo kaleak alaituko ditu eta 21:00etan, bertso afaria izango da Asier Azpiroz eta Unai Gaztelumendi bertsolariekin.Eguna bukatzeko, 00:00etan, Urrezko Muxkerrak, Mendeku Itxua eta Itzartu taldeen kontzertuak antolatu dituzte, Askatasuna plazan. Honela, Itaya taldeak eta Lasarte-Oriako gazteek herritar oro gonbidatu nahi dute biharko Erraustegiaren Aurkako Egunean parte hartzera.