25-Udalak alokairuko garajeak banatzeko izena ematea ireki du

Txintxarri Aldizkaria 2011ko azaroaren 25a

Lasarte-Oriako Udalak bere titulartasuneko 148 garaje-plaza alokatzeko plana abian jartzeko asmoa du. Plaza hauek Okendo Plazan, Donostia Etorbidean, eta Bekokale Bideko 12.ean daude kokatuak.
Lasarte-Orian plaza horiek betetzeko zenbateko eskaera dagoen jakin eta zein sistemarekin kudeatuko diren erabaki ahal izateko, Udalak behin-behinean izena emateko epea ireki du.

Baldintzak

Udalak jakitera eman duenez, plaza horiek gehienez ere hileko 60 eurotan alokatuko dira. Epeari dagokionez, 5 urteko alokairua izango litzateke eta luzatzeko aukerarekin.
Era berean, herriko bizilagun guztiak eta, kasua hala bada, haien jarduera ekonomikoa edo langintza udalerri honetan gauzatzen dutenak eskatu dezakete alokairuko garaje plaza bat.
Esleipenaren lehentasunezko hurrenkerak eta behin betiko baldintzak hurrengo deialdi publiko batean finkatuko direla azpimarratu du Udalak.
Eta Udalak argi utzi nahi du, behin-behineko izen-emateak ez du konpromisorik, betebeharrik, eskubiderik eta eskubide-itxaropenik sortuko, ez eskatzailearen aldetik, ez Lasarte-Oriako Udalaren aldetik.

Izena ematea

Interesatuak daudenak eskaera-orria bete beharko dute eta Udaletxeko Etxebizitzen Departamentura bidali edo bertan entregatu, 2011ko abenduaren 31 baino lehen.
Orri hori “pdf” formatuan deskarga daiteke, eskuz edo idazmakinaz betetzeko. Hau Udalaren www.lasarte-oria.org web guneko berriak eta oharrak atalean dagoen alokairuan eskuratzeko behin-behineko izen-ematea loturan aurki daiteke.
Informazio gehiagorako, Etxebizitza departamentura hurbildu edo 943 370 105 telefonora deitu behar da.