Badira aste batzuk Madriletik etorritako eskutitz batek kartzelara eraman zizula. Eskutitz iluna zen, baina aldi berean oso argia: Euskal Herriaren alde lan egiteagatik espetxera joan behar zenuen. Euskal Herriaren historian milaka pertsona izan dira eskutitz hau jaso dutenak, nahiz eta beste milakak ez duten hainbeste "zorterik" izan eta berdez (edo gorriz edo urdinez) jantzitako Estatu Espainoleko funtzionarioek, gauez eta etxeko atea bera botaz, beraiekin eraman dituzte.
Eskutitz honek aldiz ez du inongo zerikusirik zuk jaso zenuenarekin. Eskutitz hau maitasunetik eginda dago. Ez soilik zurekiko, baita ere espetxean, erbestean edo ihesik dauden milaka Euskal Herritarrekiko. Euskal Herriak urteetan zehar pairatu duen gatazka politikoak bere horretan darrai. Euskadi Ta Askatasunak orain dela hilabete gutxi hartutako erabakiak egoera berri baten aurrean kokatzen gaitu.
Orain, inoiz baino gehiago Euskal Herriaren alde lan egiten jarraitu beharra dugu. Euskal Herriak bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidearen helmuga gertuago dugu, baina horretarako korrika egiten jarraitu behar dugu, lanean jarraitu behar dugu. Denon artan lortuko dugulako!
Azken asteetan Xirimiriko zuzendaritzako kideok buru belarri gaude elkartean lanean. Leku guztietara iritsi da ditxosozko krisia, baita gurera ere, baina argi dago dirua ondo gestionatuz eta auzolanez eta elkartasunez gauzak egitea posible dela. Eta ez pentsa, orain espetxean zaudelako ez zaizula lana egitea tokatuko. Ez ahaztu, aurreko zuzendaritzako kideek (La vieja guardia) zuzendaritza berriari bazkari bat zor diola oraindik. Gainera, hilabete gutxi barru Elkarteko urteurrena izango da. Ikusirik azken asteetan ez zarela elkartetik asko agertu, seguruena espetxetik atera eta Elkarteko sukaldean sartzeko gogoak edukiko dituzula. Horregatik, eta zuregan pentsatuz (maitasunetik ere) aurtengo bazkaria ere zure kontu geratzen da.
Bestetik gabe, eta laster ikusiko garelakoan besarkada bero bat "compañero"!
Xirimiri elkarteko zuzendaritza