Okendora itzuliko da Multimusikala

jon-altuna-iza 2011ko aza. 28a, 01:00
Multimusikala 0 deitu diote aurtengo kontzertu sortari, 10. Multimusikala maiatzean egin nahi baitute punta puntako taldeekin. Baina ez da hutsala izango: Okendon 300 metro karratuko karpa jarriko da, bertan bazkaltzeko eta afaltzeko aukera izango da, ostiral eta larunbatean kontzertuak ikusteko, larunbatean hainbat tabernetan kontzertu egingo dira eta igandean neguko euskal jaia. Besteak beste, Bartzelona eta Italiatik datoz musika taldeak, eta herrikoek ere jotzeko aukera izango dute. Txorimalo gazte kolektiboaren ingurukoek duela hamar urte sortutako ekimenak tinko eusten dio orduko izpirituari, autogestio eta lanaren bidez gauza handiak antolatzeari alegia.
Abenduaren 16an ostiralean hasiko da multimusikala, Bartzelonatik datorren La Kinky Beat taldearen Dub Step eta Drum&Bass musikarekin, Rude Kanka Sound System-ekin zein herriko 40 de Fiebreko musikarien omenaldiarekin igande goizaldera arte luzatuko da festa. Larunbatean, eguerdian hasiko dira kontzertuak: Okendo, Artizar, Jalgi, Abend, Mauren taberna eta Trumoi ondoko auto garbitegian. Kalean ere ez da faltako girorik, egunean zehar, Zozongo Batukada eta txarangekin.
Bestalde, larunbat eguerdian, kale kultura, graffitia, Break Dance eta Rap erakustaldia antolatu dituzte Udaletxe berriaren atzean. Askatasunaren parkea musikaren parke bihurtuko dute eta bertako horma, musikaren inguruko mural erraldoi bilakatuko dute Euskal Herriko hainbat bazterretatik etorritako 20 bat graffiti egilek.
Multimusikala antolatzen duten gazteek autogestioa eta auto-finantzaketa dute oinarri hasiera hasieratik, eta beraz, aurten lehen aldiz, ostiraleko kontzertuan, 5 euroko sarrera jarri dute. Larunbateko denak doan izango dira. Eta asko dira, eguerdian Artizarren Iban Nikolaik bere dijeriduarekin eskainiko duenarekin hasita.

Herriko taldeak tabernetan

Herriko taldeak nabarmendu daitezke tabernetako kontzertuetan, Abend-en metala nagusituko da A Human Desaster taldearekin, Mauren tabernan funkia, Oreindik eta Makulu Ken-ekin, Trumoi ondoko auto garbitokian punkia, besteak beste Keep Diggin ezagunekin eta The Trifasicks berriekin. Hauek herrikoak dira, baina gehiago ere izango dira, esaterako Jalgin reagge eta ska zaleentzat Miguel Rastafarik joko baitu.
Larunbat gauean Okendon, Italiatik datorren Egin, Donibaneko Anai-arrebak talde disko-funki-punkia, kantaririk gabeko Buffalo talde zarauztar interesgarria, Zestoako Adabegi, dantzari flamenko eta afrikarra ekartzen dituen taldea...
Festari amaiera emateko DJ Bull eta Bad Sound Systen arituko dira musika jartzen Jalgin eta Ilargin hurrenez hurren.
Bestalde, herriko 17 elkarte ari dira lanean igandean 28an Neguko Euskal Jaia egiteko. Besteak beste, eguerdian kalejira, bazkaria eta arratsaldean erromeria izango dira.

Aurkezpena

Guztia, abenduaren 2an, arratsaldeko 20:00etan aurkeztuko du Multimusikala elkarteak seguraski Villa Mirentxuko beheko aretoan eta ondoren, etorkizunari buruz hitz egiteko bilera egingo da. Beraz, komunikabide, elkarte eta oro har interesa duten herritarrak gonbidatu dituzte bertara.
Hamar urteko ibilbidea kontzertu handi batekin ospatuko dute maiatzean. Kanpoko taldeak eta Euskal Herriko punta puntakoak ekarri nahi dituzte eta Hipodromoan egin. Horretarako Donostiako eta Lasarte-Oriako Udalekin jarriak dira harremanetan.
Beraz, Multimusikala 0arekin ziklo bat itxi nahi dute lehen kontzertua duela hamar urte antolatu zuten gazteek. Txorimalo gazte kolektiboaren urteurren ospakizun gisa antolatu zuten abenduaren 27 batean, herria musikaz betez askok inuxente eguneko txantxa zela uste bazuten ere.
"Txorimalo kolektiboa ez da existitzen, baina sortzeko orduan izan ziren arrazoiak hor diraute" eta orduko izpirituarekin jarraitzen dute betiko zirkuitutik kanpo jaialdi potoloa antolatzen.